AKTUALITATEA


| 2019-12-18 15:47:00

EH Bilduren legez besteko proposamena aintzat hartuta, Legebiltzarrak hobekuntzak eta egokitzapenak egiteko eskatu dio Jaurlaritzari Ordezkagunea plataforma digitalaren funtzionamendu egokia bermatzeko. Hezkuntza Sailak plataforma informatiko berri hori martxan jarri zuen ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkapenak kudeatzeko, baina milaka irakasle kalteturik atera ziren, sistema horren funtzionamendu okerraren ondorioz. Hori dela eta, Rebeka Ubera legebiltzarkideak sustatu duen akordioan Jaurlaritzari eskatzen zaio, akatsak berriro gertatuz gero, eragindako kalteak konpentsatu ditzala irakasleen soldata eta puntuazioari dagokienez, irailean egin behar izan zuen bezala. Gainera, eskatzen zaio ikasturteko une jakin batzuetan beste sistema osagarri batzuk erabiltzeko aukera azter dezala.
Puntu honetaz aparte, beste eskari bat egin dio Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari, hau ere EH Bilduren ekimenez. Zehazki, eskatu dio etorkizuneko Lan Eskaintza Publikoetan manten dezala izangaiek ariketak irakurri behar dituzten oposizio-zatiaren ezabapena izangaien anonimotasuna bermatzeko, anonimotasuna baita hautagaien edo epaimahaiaren beraren aldetik gerta daitezkeen ezusteko edo jokabide anomaloetatik babestu beharreko bermea. Uberak proposamena egin zuen norabide horretan hain justu izangaien anonimotasuna bermatzen ez zelako Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan sartzeko lehiaketa-oposiziorako deialdian.