Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak Estatuarekiko harreman eredu berria eskatu du, erabakitzeko eskubideari bide emango diona


| 2019-04-11 21:19:00

EH Bilduk eta EAJk adostuta, Parlamentuak Estatuaren inboluzioaz ohartarazi, oinarrizko eskubideen aurkako erasoak arbuiatu eta eskumenak errespetatzea exijitu du euskal herritarren eskubide politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak bermatzeko.

EH Bilduren proposamena aintzat hartuta, Legebiltzarrak Estatu espainolarekiko harreman eredu berria eskatu du gaur, berdinen artekoa, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea egikaritzeari bide emango diona, horixe –autogobernua eguneratzea eta behar besteko eskumenak zuzenean kudeatzea– modu bakarra baita euskal gizartearen eskubide politikoak, sozialak, ekonomikoak, linguistikoak eta kulturalak bermatzeko, Maddalen Iriartek azpimarratu duenez. “Estatuarekin izan beharreko harremana ezin da morrontza harreman bat izan; ezin dugu azken 40 urteotan bezala jarraitu, Madrili baimena eskatuz lanaldiaren iraupena ezartzeko edota irakasle eta mediku gehiago kontratatzeko. Menpekotasunean oinarritzen den eredu hori ez da XXI. mendeko Euskal Herriak behar duena”.

Hausnarketa orokor horri jarraituz, EAJrekin adostuta, Parlamentuak Estatuaren inboluzioaz ohartarazi eta oinarrizko eskubideen aurkako erasoak arbuiatu ditu, bai eta ideologia batzuen ilegalizazioa eskatzeraino heltzen direla gogora ekarri ere. Horren ildotik, LOMCE, lan erreforma eta Mozal Legea bezalako legeak indargabetzeko eta espetxe politika aldatzeko eskatu du, euskal presoak Euskal Herriratzeko eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak aske uzteko. Izan ere, Iriarteren hitzetan, “egoera larria da eta ezin dugu burua zuloan sartu ostruken moduan; hala jokatuko bagenu, ez ginateke herritarrek gugan jarritako konfiantzaren mailan egongo. Estatu espainolean bizi den giro inboluzionistak okerrera besterik ez du egin, herritarron eskubide zibil eta politiko ia guztiak daude jomugan, eta ez da Vox bakarrik, ez gaitezen engaina!”.

Hala, Pedro Sanchezen jokabidea ere kritikatu du EH Bilduko bozeramaileak, autodeterminazio erreferendumak egiteko eskubidea eta, finean, demokrazia bera ukatzeagatik. “Inmobilismoa arduragabea da, sistema demokratiko batek ezin du beste alde batera begiratu Katalunian eta Euskal Herrian herritarren multzo handi bat Espainiarekin identifikatzen ez denean; hala jokatzea ez da demokratikoa”.