EH Bilduk proposatuta, Legebiltzarrak aho batez ezinbestekotzat jo du gaur “politika publikoetan jauzi bat egitea gazteen emantzipazio adina aurreratzeko”, eta neurriak har ditzala galdegin dio Jaurlaritzari, helburu hori lortze aldera. Zehazki, aldaketak eskatu ditu enplegu eta etxebizitza politiketan, arlo horiek “emantzipaziorako zutabe nagusiak” direlakoan.
Hala, Soldata Arrakala Murrizteko Estrategian emakumezko gazteentzako kalitatezko enplegua sortzeko lan ildo berezitua txertatzeko eskatu dio Gobernuari, bai eta enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortzeko politikak garatzeko ere, gazteek pairatzen duten egiturazko prekarietateari aurre egitea derrigorrezkoa delako.
Etxebizitza politikari dagokionez, adostutakoaren arabera, alokairurako diru-laguntzak ematen dituen Gaztelagun programan sartzeko baldintzak aldatu beharko ditu Lakuak, gazte gehiagorengana iristeko asmoz. Halaber, alokairurako etxebizitza parke publikoa premiaz handitu eta lehentasuna eman beharko die gazteei eta, azkenik, gazteriaren behar espezifikoak kontuan izango dituzten etxebizitza tipologia edo elkarbizitza eredu berriak sustatu beharko ditu, hala nola, etxebizitza komunitarioak eta kooperatibak.
Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “gaurkoa lehen urratsa da orain arte porrot egin duten Jaurlaritzaren politikak zuzentzen hasteko”. Azaldu duenez, premiazkoa eta ezinbestekoa da gazteak emantzipatzea ezinezko egiten duten faktoreetan eragitea; hau da, enpleguan eta etxebizitzan. “Zer nolako emantzipazio datuak espero ditzakegu gazteen artean langabezia tasa Europakoa halako bi baldin bada? Nola emantzipatuko dira bataz besteko soldata 1.000 eurora iristen ez bada eta kontratuetan behin-behinekotasuna eta prekarietatea guztiz orokortuta badaude? Nola emantzipatuko dira alokairuen prezioetan neurria galdu baldin bada? Arazo horien oinarrira jo behar dugu ezinbestean politika esanguratsuen bidez, emantzipazio adina aurreratu nahi izanez gero”.