AKTUALITATEA


| 2019-12-02 13:53:00

EH Bilduren legez besteko proposamena aintzat hartuta, Gasteizko Legebiltzarrak pasa den legealdian Nafarroako Gobernuak sustatutako Skolae hezkidetza programaren balioak aldarrikatu ditu gaur, bai eta babesa adierazi ere hezkuntza proiektu horren egileei, Nafarroako sektore atzerakoienek epaitegietara eraman baitituzte. Horren ildotik, Skolae-ren kontrako “hainbat sektoreren gurutzada” salatu eta programa horren judizializazioa baztertu du. Talde parlamentarioen adostasuna ia erabatekoa izan da, PP bakarrik geratu baita akordiotik at.
Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak pozik hartu du lortutako akordioa, baina deitoratu du, hala ere, Legebiltzarra harago joan ez izana. Izan ere, koalizio subiranistaren jatorrizko ekimenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere “osatu eta garatu beharreko hezkidetza programetan Skolae-ren edukiak zein metodologiak erreferentzia eta eredu gisa hartzea” proposatzen zuen, baina EAJ eta PSEk uko egin diote Hezkuntza Sailari norabide horretan lan egiteko eskatzeari.
Akordioa ere Lanbide Heziketaren arloan
Legebiltzarrak, EH Bilduren ekimenez berriro ere, TKgune programa arautzeko eskatu dio Jaurlaritzari, Lanbide Heziketari buruzko Legeak xedatutakoaren arabera, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko elkarlana garatze aldera, enpresa txiki eta ertainak lehenetsita. Rebeka Uberak azaldu duenez, “TKgune programa arautzea beharrezkoa zen orain arte Hezkuntza Sailak ikastetxe eta enpresen arteko elkarlana zerbitzuen prestazio gisa ulertu duelako eta, hala, elkarlan horren izaera desitxuratu duelako, Lanbide Heziketa maiz lan esku merkearen sustatzaile bilakatu baitu”.
Aho batez onartutako erdibideko proposamenaren arabera, Lakuak “TKgune programa garatzeko eta finantzatzeko eredua berraztertu” beharko du, “ikastetxeek egokitasunez uztartu dezaten ikasleen prestakuntza eta enpresekiko elkarlana, berau ez dadin lehia desleiala izan ikerketa eta garapen teknologikora dedikatzen diren inguruko enpresentzat”.