AKTUALITATEA


| 2020-02-26 15:07:00

EH Bilduk ohartarazi du Uraren Euskal Agentziak (URA) Zaldibarko zabortegiaren inguruko ibaietan eginiko analisien emaitzak “benetan txarrak eta kezkagarriak” direla, argi erakusten dutelako kutsatzaile arriskutsuen isurketek urtean batez beste onartutako parametroak nabarmen gainditzen dituztela.
Zehazki, Mikel Oterok azaldu duenez, zianuro, kromo, selenio, kadmio eta berunari dagokienez, isuriak urtean gehien jota onartutako batezbestekoetatik baino askoz gorago daude. Adibidez, selenio eta berunaren kasuan, URAk Aixola, Ego eta Ibur ibaietan antzeman dituen mailak urteko batezbestekoa baino 20 aldiz altuagoak dira eta kadmioaren kasuan 80 aldiz altuagoak. Eta oxigeno eskari kimikoa ere, uren kutsadura neurtzeko erabiltzen dena, Plan Hidrologikoan ezarritako erreferentziaren halako bikoa da. “Amonioak altu zeudela dagoeneko esanda zegoen, baita metal astun batzuen presentzia ere, baina datu zehatzak ikusita, kezkatzekoa da, metal astun kutsatzaile batzuen parametroak harritzeko modukoak baitira, are gehiago kontuan hartzen badugu horietako bi, beruna eta kadmioa, alegia, lehentasunezko kutsatzaileak direla Europar Batasunaren araudien arabera”.
 “Egoera, beraz, kezkatzeko modukoa da, oso txarra, eta are txarragoa izango den arriskua bistakoa da”, azaldu du Oterok. Izan ere, “emaitza horiek okerrera egingo dute euriekin, isuriak handiagoak izango direlako orduan, eta ezin da ahaztu hori guztia Deba ibairaino iritsiko dela”. Hori dela eta, lehentasunezkotzat jo du “Deba ibaiaren arro osoan arreta handia jartzea, kutsadura saihesteko, bai orain, bai etorkizunean”.
Analitiken emaitzak atzo arte, “behar baino askoz beranduago”, argitaratu ez izana leporatu dio Oterok URAri. “Hasieratik esan genuen moduan, garrantzitsua da airearen eta uraren kalitatearen inguruan egiten diren datu guztiak eskuragarri izatea; ez da ulergarria datu falta hau, analitikak hilaren 8an egiten hasi zirela jakinik”.