Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduk frankismoaren biktimak erreparatzeko anbizio falta egotzi dio Jaurlaritzari


Koalizioaren irudiko, Lakuak aurkeztu duen Memoria Historikoaren Legearen zirriborroa Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformaren ekimena baino askoz motzago geratzen da. “Gobernuak inoiz ez du nahi izan Legebiltzarrak Memoria Historikoaren Lege bat onartzea”.

| 2019-09-25 10:17:00

EH Bilduk “anbizio falta” egotzi dio Jaurlaritzari frankismoaren biktimen erreparazioari dagokionez, Lakuako bozeramaile Josu Erkorekak gaur aurkeztu duen Memoria Historikoaren Euskal Legearen zirriborroa “oso motz” geratzen delako, Julen Arzuaga legebiltzarkidearen esanetan. Gainera, ezinezkoa izango da legealdia amaitu aurretik lege hori Legebiltzarrean onartzea. Halaber, Arzuagak kritikatu du Jaurlaritza EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gai horretaz erroldatu duten lege proposamena tramitatzearen kontra agertu izana. Azaldu duenez, EH Bildu zein Podemos Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformaren Herri Ekimen Legegileari bide ematen saiatu dira Legebiltzarrean, proposamen horrek planteatzen dituen neurriek gaur Gobernuak aurkeztu dituenek baino askoz anbizio handiagoa dutelako.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du bere egunean Jaurlaritza koalizioaren lege proposamen baten kontra agertu zela, “Gogora Institutuaren funtzioak mugatuko zituelakoan”, eta Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformak aurrea hartu zionean bakarrik erakutsi zuela Memoria Historikoaren Legea egiteko interesa. Arzuagaren iritziz, “Gobernuaren jokaera horren atzean dagoena ez da protagonismo kontu hutsa; badauka arrazoi politiko bat. Izan ere, bai EH Bilduren proposamena, bai Plataformaren ekimenak oso altu jartzen dute frankismoaren biktimen aitortza eta erreparazioa, eta anbizio handikoak dira kalte-ordainak zehazterakoan, frankismoaren biktimak besteen pare jarrita, eta hori gehiegizkoa da, antza, Gobernuarentzat, bere zirriborroan ez baitu aipatzen inolaz ere zein diren baldintzak eta kopuruak frankismoaren biktimak erreparatzeko, Gogorari eskuak libre utzita hori guztia zehazteko”.
Jaurlaritza Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformaren ekimena Legebiltzarrean tramitatzearen kontra agertu da, eta hori ere gogor kritikatu du Arzuagak, “Erkorekak esan duelako Plataformaren testuak eta Gobernuarenak antzekotasun handia dutela”. Beraz, “hala bada, zergatik ez dio uzten Plataformaren testuari bidea egiten, gero tramitazioan zehar zuzenketak txertatzeko?” Galdera horrek erantzun argia du, legebiltzarkidearen ustez: “Argi dago, Jaurlaritzak inoiz ez du Memoria Historikorako Lege bat nahi izan, exijentzia gutxiagoko testua nahiago duelako, Gogorari eskuak libre utziko dizkiona”.