AKTUALITATEA


| 2019-09-24 15:00:00

EH Bilduk Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, urgentziazko prozeduraz, Hezkuntza sailari eskatzeko ‘Ordezkagunea’ plataforma bertan behera utz dezan, behintzat, inongo arazorik gabe funtzionatzen duela erabat bermatu dezakeela ziurtatu arte. Era berean, Jaurlaritzari eskatu dio ikasturte hasieratik sistemak eragin dituen akatsak identifikatu, kuantifikatu eta eragindako kalteak konpentsatu ditzala. Besteak beste, irakasleek galdutako lan egunen puntuazioa jaso dezatela, eta baita dagokien ordain saria ere

Rebeka Ubera legebiltzarkideak azaldu duenez, 2019-2020 Kurtsoaren hasierarekin batera, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkapenak kudeatzeko ‘Ordezkagunea’ plataforma informatiko berria jarri zuen martxan. Horren emaitza, “inoiz bizi izan den ikasturte hasiera kaotikoena izaten ari da”. Gertatutako akatsak oso larriak izan dira: postu bera eskaini zaie irakasle bati baino gehiagori; existitzen ez diren lan postuak eskaini dira; aldiz, ikasleak klaseek galdu dituzte hutsik dauden plazak atera ez direlako; beste alde batetik, punturik ez duten hainbat irakasleri sistemak plaza eman die, puntu gehiago dituztenak lanik gabe utziz.  “Azken finean, anabasa. Hezkuntza sailaren hamaikagarren txapuza da hau”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, “egoera hau onartezina da. Langile askoren oinarrizko eskubideak urratzen ari dira. Eta, ondorioz, gure ikasleenak. Asteak daramatzagu kaos hau pairatzen. Arduragabekeria ikaragarria da kaosaren jakitun den Hezkuntza sailak honen gainean urgentziazko neurririk hartu ez izana oraindik orain. Sindikatu guztiek salatu dute egoera hau, ehunka irakaslek publiko egin dituzte jada euren kexak, bai Jaurlaritzan zein sare sozialetan, baina Cristina Uriarteren saila beste alde batera begiratzen ari da”.

Horregatik, Uberak adierazi du urgentziazko neurriak hartu egin behar direla lehenbailehen, eta gaur bertan erroldatu du ekimen bat Hezkuntza sailari eskatzeko ‘Ordezkagunea’ plataforma itxi dezan akatsak zuzendu arte, eta eragindako kalteak konpentsatu ditzala.