AKTUALITATEA


| 2019-07-24 16:21:00

EH Bilduk ezinbestekotzat jo du Legebiltzarrak Memoria Historikoaren Legea onartzea eta gogora ekarri du iaz, otsailean, EAJ, PSE eta PPk bat egin zutela koalizioak helburu horrekin aurkeztu zuen lege proposamena bertan behera uzteko. Gaur, ordea, Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformaren Herri Ekimen Legegilea bidean da Parlamentuan, baina EAJ berau tramitatzearen aurka agertu da berriro ere, oraingoan Jaurlaritza, antza, gai horri buruzko lege-proiektua lantzen ari omen delako. EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagaren iritziz, “EAJ ekimena kapitalizatzen saiatzen ari da, Frankismoaren biktima ahaztuei egia eta justizia eskaintzea helburu duen plataformaren ekimen legegileari ateak itxita”.

Arzuagak jeltzaleen oportunismoa kritikatu du horren haritik, eta ohartarazi du Jaurlaritzaren lege proiektua herri ekimen legegilea baino dezente motzago geratuko dela Frankismoaren biktimei erreparazioa emateko orduan. Plataformako bozeramaileek kezka hori adierazi dute gaur bertan, eta euren proposamena bideratzeko eskatu diete talde parlamentarioei. Horren aurrean, “EH Bildu –esan du Arzuagak– plataformaren esanetara jartzen da eta, egokia iruditzen baldin bazaio, herri ekimen legegilearen testua lege proposamen gisa aurkezteko prest dago, oinarri horien gainean Memoria Historikoaren Legea onar dadin”.

Arzuagak azaldu duenez, “EAJ horrelako lege bat onartzearen kontra agertu da behin baino gehiagotan, Gogora institutuak arlo horretan egiten duen lana nahikoa delakoan”. Hala ere, EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, “Gogorak ezin die justizia eta erreparazioa eskaini Frankismoaren biktimei, ez duelako horretarako gaitasunik. Horregatik, blokeoa etengabea zelako, Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformak aurrera egin eta herri ekimen legegilea aurkeztu zuen, baina orduan, lege proposamena jada mahai gainean zegoenean hain justu, Jaurlaritzak iragarri zuen lege proiektu bat prestatzen ari zela, presaka eta korrika, aurreko diskurtsoa goitik behera aldatuz eta inorekin hitz egin gabe, ordura arte beharrezkotzat jotzen ez zuen legea, orain bai, egiteko”.