Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduk alokairurako laguntzak motz geratzen direla ohartarazi du eta igotzeko eskatu dio Jaurlaritzari


EH Bilduk proposamena eramango du Diputazio Iraunkorrera zenbatekoak handitzeko eta laguntza jasotzeko epea sei hilabetez luzatzeko.

| 2020-05-06 14:36:00

Osasun krisia dela eta Jaurlaritzak iragarri dituen alokairurako laguntzak, gaurdanik eskatu daitezkeenak, alegia, norabide egokian badoaz ere, motz geratzen dira, ez dira nahikoa eta ez diete behar bezala erantzuten arazo ekonomikoak dituzten familien premiei. Iñaki Arriola sailburuak gaur bertan azaldu duenaren arabera, 10.000 familiak jaso ahal izango dute 250 euroko laguntza alokairua ordaintzeko irailera arte, baina, Maider Otamendik gogorarazi duenez, “krisi hau hasi baino lehen 26.500 bat familiak jasotzen zituzten alokairuak ordaintzeko laguntza ekonomikoak, eta orain gehiago dira horren beharra duten familiak, krisialdiak zaurgarritasun egoerak areagotu dituelako”.

Hori dela eta, familia horiei ere etxebizitza eskubidea bermatzeko premiazko neurriak hartzea ezinbestekoa delakoan, EH Bilduk legez besteko proposamena eramango du Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrera Jaurlaritzak abian jarritako laguntza-programa zuzentzeko, bai alokairuko parke publikoari dagokionean, bai merkatu pribatuari dagokionean.

Otamendik azaldu duenez, “hartu beharreko ezohiko neurriak ezin dira irailean amaitu, alarma egoera amaitu eta sei hilabetez luzatu behar dira”. Bitarte horretan, EH Bilduren proposamenaren arabera, parke publikoko etxebizitzetan ez litzaieke alokairua kobratuko krisiaren ondorioz murrizketa ekonomikoak pairatzen ari diren familiei. Halaber, alokairu pribatuei dagokienez, prestazioen zenbatekoak handituko lirateke, kasuan kasu kalkulatuta eta betiere bermatuta familiek ez dutela euren diru-sarreren %30a baino gehiago bideratuko etxebizitza gastuetara. Azkenik, behar izanez gero, laguntza hauetara bideratu duen 15,5 milioiko funtsa handitzeko eskatzen dio EH Bilduk Jaurlaritzari, beharra duen inor ez dadin laguntzarik gabe geratu.