AKTUALITATEA


| 2019-07-09 14:35:00

Ebazpen Batzordeak bide eman dio EH Bilduk proposatu zuen jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeari eta koalizioaren jatorrizko lege proposamena –puntu gutxi batzuk moldatuta– Legebiltzarrean tramitatzeari. Osoko Bilkurak tramitera onartu zuen EH Bilduren proposamena 2018ko abenduan, baina Foru Aldundiek tramitazioa etetea erdietsi zuten otsailean, Ebazpen Batzordean eskumen-arazo bana aurkeztuta. Larraitz Ugartek EAJri leporatu zion orduan “aldundiak erabiltzea bulego hori sortzea galarazteko” eta orain Ebazpen Batzordea bera da lege proposamena tramitatzea ahalbidetzen duena, behin artikulu batzuk moldatuta. Batzordearen ebazpenaren ostean, Legebiltzarreko Osoko Bilkurak erabaki beharko du nola tramitatu lege proposamena.
Edonola ere, Ugartek aintzat hartu du Ebazpen Batzordearen erabakia, “argi eta garbi geratzen delako posible eta legala dela Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzea eta, beraz, gaur atzo baino gertuago gaudela eszenatoki horretatik”. Horren haritik, nabarmendu du ustelkeriaren aurka adostasun politiko eta soziala erabatekoa dela. “Legebiltzarrean PP ez beste talde parlamentario guztiok bat egin genuen lege proposamena tramitatzearen alde eta, zentzu horretan ere, ezinbestean nabarmendu behar da Ebazpen Batzordeak eginiko prozesuan Jaurlaritzak aurre egin diela Foru Aldundien alegazioei, bera ere Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzearen alde”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Ebazpen Batzordearen erabakiaren arabera, lege proposamenaren artikulu batzuk aldatu edo moldatu beharko dira, Aldundien eskumenak urratzen dituztelakoan, baina, haren iritziz, horrek ez du proposamenaren muina desitxuratzen. “Lege proposamenak 53 artikulu eta sei xedapen ditu eta, Ebazpen Batzordearen arabera, zazpi artikulu baino ez dira Aldundien eskumenekin talka egiten dutenak. Beraz, egia izanda artikulu horiek aldatu edo moldatu beharko ditugula, arazoa ez da konpondu ezina, borondate politikoa baldin badago, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren eta Aldundien arteko harremana erraz bideratu ahal izango delako hitzarmen edo formula interinstituzionalen bitartez, tokiko administrazioekin aurreikusita dagoen bezala”.