AKTUALITATEA


| 2019-12-27 15:51:00

Gasteizko Legebiltzarrak ez du otsailera arte eztabaidatuko EH Bilduk ustelkeriaren kontra aurkeztu dituen bi proposamenak, EAJk eta PSEk ezezkoa eman diotelako Diputazio Iraunkorra deitzeari. EH Bilduk hala egitea proposatu zuen, Legebiltzarra berez ez delako urtarrilean batzartuko, eta De Miguel auziko epaiaren ostean ustelkeriaren aurkako neurriak hartzea premiazkoa dela iritzita, “gizarteari mezu argia eta azkarra helarazi behar diogulako: ustelkeriaren aurrean tolerantzia zero”. EAJ eta PSEk, aldiz, EH Bilduren eskaria blokeatu eta eztabaida atzeratzea erabaki dute gaur Legebiltzarreko Mahaian.
Maddalen Iriartek salatu duenez, “gure herrian ustelkeria politikoaren kontra inoiz izan den sententziarik gogorrena atera berri da, baina EAJk uste du ez dela premiazkoa Legebiltzarrak gai honi buruz eztabaidatzea. EH Bilduren ustez, De Miguel auziko epaia hain da larria, ezen derrigorrezkoa eta premiazkoa baita Legebiltzarrak lehenbailehen ustelkeriaren kontrako mezu sendo eta argia bidaltzea gizarteari, baina EAJk ez du inolako presarik; ustelkeriari aurre egiteko neurri zehatzak onartu nahi ditugu, baina EAJri ez zaio interesatzen”.
“Non dago EAJren gardentasunaren aldeko hautua? Euskal jendarteak ekintzak, egitateak, eskatzen ditu. Ez da aski EAJk barkamena eskatzea. Neurriak lehenbailehen hartu behar dira, eta herri honetarako eskatzen duguna zera da: ustelkeria politikoarekin tolerantzia zero. Eta horretarako, aurrerapausoak eman behar dira, eta ez oztopoak jarri, baina argi dago EAJk ez duela inolako interesik eta gardentasun falta arazo larri bat duela, bai eta ustelkeriari aurre egiteko borondate politiko gutxi duela ere.