AKTUALITATEA


| 2020-06-11 13:13:00

EAJ eta PSEk oztopotzat dute Legebiltzarra, euren interes alderdikoiei kalte egiten dielakoan, eta pandemiaren etapa honetan berau gabe, existitu ez bailitzan, gobernatzea erabaki dute. Gaur EH Bilduren proposamenak blokeatu dituzte berriro ere Mahaian, Diputazio Iraunkorrean eztabaidatzeko aukera bertan behera utzita. Euren ohiko jokaera izan da, ia sistematikoa, Urkulluk Legebiltzarra desegin zuenetik, oposizioaren ahotsa, EH Bildurena bereziki, isilarazteko.

Irailean hasiko den ikasturteari begira hezkuntza komunitatean ezinegona eta ziurgabetasuna erabatekoak diren honetan, EAJk eta PSEk erabaki dute ez dela beharrezkoa datorren ikasturtearen planifikazioaz eztabaidatzea eta EH Bilduren legez besteko proposamena tramitatzeari uko egin diote, jakin badakitelako proposamen horrek (gehienez 15 ikasle gelako egotea, %20 irakasle gehiago kontratatzea eta ikasle guztiei ‘on-line’ ikasteko baliabide teknologikoak bermatzea) Hezkuntza Sailaren planifikazio falta agerian utziko zuelako. Ikastetxe guztietan osasuna eta hezkuntza kalitatea bermatzeko irailean hartu beharreko neurriak orain eztabaidatu eta adostu behar dira, Legebiltzarrean eta sektoreko eragileekin ere bai, eta sekulako arduragabekeria da eztabaida hori eragoztea, hain justu Isabel Celaaren Ministerioaren irizpideak bat ez datozenean Lakuako Hezkuntza Sailaren asmoekin.

Osakidetzako Lehen Arreta indartzeko EH Bilduren proposamena ere (bertako plantilla %10 handitzea) atzera bota dute EAJ eta PSEk, eztabaidatzeko aukerarik eman gabe. Euren erabakia iraingarria da Osakidetzako langile guztientzat. EAJ eta PSE ez dira oraindik konturatu txaloak ez direla nahiko, osasun sistema publikoa indartzeko neurri eraginkorrak behar direla. Gaurkoa bezalako erabakiekin erakusten ari dira pandemian ez dutela ezer ikasi eta ez dutela azken urteotan Osakidetzan egin dituzten murrizketak iraultzeko borondaterik.

EH Bilduren iritziz, EAJ eta PSE Legebiltzarreko Mahaian duten jarrera murriztaile orokorretik harago, bereziki salagarria da nola jokatzen ari den Bakartxo Tejeria otsailaz geroztik. Legebiltzarreko presidentea izanik, berari dagokio instituzioak krisialdi honetan bete beharko zituzkeen funtzioak indartzea, baina, hori egin beharrean, Legebiltzarra debaluatzeari ekin dio, instituzioa EAJren interes partikularren menpe jarrita.