Kongresua-Senatua

EH Bildu prest dago aurrekontuez hitz egiteko, Estatua demokratizatzeko eta euskal erakundeak errespetatzeko pausoak ematen baditu Madrilek

| 2018-11-06 09:39:00
  • Unidos Podemos-En Comú Podem-En Marea talde parlamentarioko ordezkariekin bildu dira gaur arratsaldean EH Bilduren Kongresuko bi diputatuak. Espainiako aurrekontuez hitz egiteko prestutasuna agertu die alderdi subiranistak, “baina ez edozein preziotan”.
  • “Gure babesa nahi baldin badu, Espainiako Gobernua eseri beharko da gurekin, bitartekari eta mezularirik gabe. Hitz egiteko prest gaude, baina ez doan”, dio Marian Beitialarrangoitiak.

Madrilgo Diputatuen Kongresuan eginiko bilkuran, EH Bilduk Unidos Podemos-En Comú Podem-En Marea taldeari jakinarazi dio prest dagoela Espainiako Gobernuarekin aurrekontuez hitz egiteko, “baina ez edozein preziotan”. “Ez gaude itxirik. Partida jokatzeko prest gaude, betiere Espainiako Gobernuak benetako borondatea erakusten badu Estatua demokratizatzeko eta horren alde pauso irmoak emateko”. Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matute diputatuek parte hartu dute bileran EH Bilduren izenean; talde konfederalaren aldetik, berriz, Pablo Iglesias, Ione Belarra, Pablo Echenique, Lucia Martín, Lucia Garrido eta Enrique Santiago izan dira.

Norabide aldaketa horrek, EH Bilduren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako erakundeen erabaki legitimoak errespetatuko beharko lituzke eta ezingo lieke bizkarra eman euskal gizartearen gehiengoaren aldarrikapenei. EH Bilduk uste du Espainiako Gobernuak errotik aldatu behar duela orain arteko jarrera eta badela garaia hitzetatik ekintzetara igarotzeko: “Hitz batzuekin ados egon gaitezkeen arren, neurri zehatzak behar ditugu inboluzio demokratikoaren arriskuari eta urteotako atzeraldiari aurre egiteko”.

Indar subiranistako ordezkariek nabarmendu dute PSOE dela aurrekontuen inguruan hitz egiteko EH Bildurekin eseri beharko litzatekeen indar politikoa, ez Unidos Podemos. “Gure babesa nahi duen orok, irabazi egin beharko du. Aurrekontuak gure botoekin onartu nahi baditu Gobernuak, aurrena gurekin eseri beharko da eta zuzenean landu beharko ditu aurrekontuak, bitartekari eta mezularirik gabe. Espainiako Gobernuaren esku dago”, ohartarazi du Marian Beitialarrangoitia diputatuak.

Haren hitzetan, Espainiako Gobernuari dagokio Pedro Sanchez Moncloara eraman zuen gehiengo absolutuaren babesa egunez egun mantentzeko ahaleginak egitea, alderdi horiengana soilik interes jakinek bultzatuta eta babes premia duenean jo gabe. “Hitz egiteko prest gaude, bai, baina ez doan”, gaztigatu du Beitialarrangoitiak.

ALBISTEAK

«Fronte aurrerakoi» bat eskatu dio EH Bilduk Pedro Sanchezi aberastasunaren gaineko zerga sortzeko eta krisitik irteteko

2020-05-13 11:12:00

Oskar Matute diputatuak egungo eredu sozial eta ekonomikoa eraldatzeko «eta ez berreraikitzeko» deia egin dio Espainiako gobernuburuari, eta eskuin neoliberal eta birzentralizatzailearekin akordioak egitearen ondorioez ohartarazi dio

Justizia ministroaren agerraldia eskatu du EH Bilduk Altsasuko gazteen aurkako epaia azal dezan

2019-10-10 17:36:00

Unidas Podemos, ERC, Junts per Catalunya eta EAJk sinatu dute koalizio subiranistaren proposamena, Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen ezarritako zigorrak "gehiegizkoak" direla iritzita

Uholdeek Tafallaldean eragindako kalteei aurre egiteko neurriak eskatu dizkio EH Bilduk Madrili

2019-07-09 13:09:00

Koalizio subiranistak legez besteko proposamen bat eta galdera sorta bat aurkeztu du Kongresuan, Espainiako Gobernuari berehala esku har dezala exijituz. Diru laguntzen programa integral bat martxan jartzea eta oinarrizko zerbitzuak ahalik eta azkarren berrezartzea ezinbestekotzat jo du EH Bilduk.

Inbestidura saiorako jarrera bateratua adostetik hurbil daudela esan dute ERCk eta EH Bilduk

2019-06-28 14:50:00

Bi alderdietako ordezkariak Bartzelonan bildu dira inbestidura saiorako jarrera bateratua adosten hasteko eta aliantza estrategikoa martxan jartzeko.