Kongresua-Senatua

EH Bilduk demokraziaren aurkako erasotzat jo du Kataluniako preso politikoen kargugabetzea

Kataluniako herritarren gehiengoaren mandatua ez errespetatzea leporatu die koalizio subiranistak PSOE, PP eta Ciudadanosi.

| 2019-05-24 17:24:00

EH Bilduk demokraziaren eta parlamentarismoaren aurkako erasotzat jo du Kongresuko Mahaiak Kataluniako preso politikoak kargugabetu izana. Kataluniako herritarren gehiengoaren mandatua hankaz gora jartzea, iragan apirilaren 28ko bozetan katalanek emandako hitza ez errespetatzea eta ordezkari politikoen parte hartze eskubidea urratzea egotzi die kargugabetzea babestu duten alderdiei.

EH Bilduren iritziz, erabat onartezina da Kataluniako preso politikoei herritarrek emandako babesa kentzea eta milioi bat katalan baino gehiagoren borondatea isilaraztea. Koalizio subiranistak uste du Espainiako Estatuaren demokrazia maila eskasa agerian uzten duela Kongresuko Mahaiaren erabakiak.

Ildo berean, igande honetan hautetsontziak betetzeko deia egin du EH Bilduk, preso politiko bat Europako Parlamentura bidaltzea baita demokraziaren aurkako eraso honi erantzuteko eta errepresioari aurre egiteko modu eraginkorrena. Horrez gain, EH Bilduk babesa eta elkartasuna helarazi nahi die Auzitegi Goreneko epaiketa injustutik hasita Espainiako Estatuaren krudelkeria jasaten ari diren preso politiko, iheslari eta senideei.

Oskar Matute: "Lege berri bat egin aurretik, presazkoa eta ezinbestekoa da LOMCE erabat indargabetzea"

| 2018-11-28 16:37:00

Isabel Celaa Hezkuntza Ministroak aurkeztu duen aurreproiektuak LOMCEren indargabetzea jasotzea ongi ikusi du EH Bilduk, baina kezka agertu du Madrilek ez duelako “konpromisorik argirik” erakutsi hezkuntza eskumenari buruz. “2006ra itzultzeko aldatu nahi du LOMCE, ez aurrera egiteko”, ohartarazi du Oskar Matute diputatuak.

Isabel Celaa Espainiako Hezkuntza Ministroak LOMCEren “neurri polemikoenak” legea erabat indargabetu gabe aldatuko dituela jakinarazi ostean, EH Bilduk berretsi du “presazkoa eta nahitaezkoa” dela LOMCE baliorik gabe uztea lege berri bat egin aurretik. Oskar Matute diputatuak ohartarazi du LOMCEren zati batzuk aldatuz “atzera begiratzea eta 2006. urtera itzultzea” dela Espainiako Gobernuaren asmoa, aukera aurrera egiteko zimenduak ezartzeko aprobetxatu beharrean.

LOMCE indargabetzeko bidean, Matutek “pauso irmoak” eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, eta “ausart” aritzeko deia egin dio lege atzerakoi hori guztiz deseraiki eta LOMCE baliorik gabe utz dezan. “Ikasleen egunerokoan, hezkuntza komunitatean eta errealitate anitzetako autogobernuetan izan duen ondorio negatibo eta mingarriengatik”, azaldu du.

EH Bilduk betidanik defendatu du LOMCE indargabetu eta edukiz hustu zitekeela, inolako ñabardurarik gabe. “Ezinbestekoa da hankaz gora jartzea, are gehiago gizarteak hezkuntzan dituen beharrei errespetuan oinarritutako perspektiba inklusibo, parekide eta laiko batetik erantzun nahi badiogu”, gehitu du Matutek.

Koalizio subiranistak pozez hartu du gaur aurkeztutako aurreproiektuak LOMCEren indargabetzea bere gain hartzea, baina kezkatuta agertu da Hezkuntza Ministroak ez duelako “konpromiso argirik” erakutsi Euskal Hezkuntza Komunitateak eta Eusko Legebiltzarreko Autogobernu ponentziak aldarrikatu duten “hezkuntza eskumen esklusiboari buruz”.

EH Bilduk Hezkuntza Batzordean duen bozeramaileak, horrez gainera, agerian utzi ditu Espainiako Gobernuaren kontraesanak LOMCEren inguruan. “Joan den uztailean, ministroak agintaldiaren xehetasunak eman zituenean, argi utzi genuen ezinbestekoa eta presazkoa zela LOMCE erabat baliogabetzea lege berri baterako lehen pauso bezala. Celaak berak erantzun zigun ezinezkoa zela hori egitea. Zalantzan jarri genuen orduan eta gaur xehetutako aurreproiektuak arrazoia eman digu”, gogorarazi du.

Legea tentuz aztertuko duela jakinarazi du EH Bilduk, laikotasun, berdintasun eta kalitate irizpideei erantzuna ematen dien ikusteko. Ildo horretan, autogobernua errespetatzeko eskatu du Matutek, euskal eredu propio baterako Euskal Hezkuntza Komunitateak eginiko apustuari bide emateko. “Euskal gizarteak merezi eta behar dituen erronkei erantzungo lieke horrek”, nabarmendu du.

ALBISTEAK

Uholdeek Tafallaldean eragindako kalteei aurre egiteko neurriak eskatu dizkio EH Bilduk Madrili

2019-07-09 13:09:00

Koalizio subiranistak legez besteko proposamen bat eta galdera sorta bat aurkeztu du Kongresuan, Espainiako Gobernuari berehala esku har dezala exijituz. Diru laguntzen programa integral bat martxan jartzea eta oinarrizko zerbitzuak ahalik eta azkarren berrezartzea ezinbestekotzat jo du EH Bilduk.

Inbestidura saiorako jarrera bateratua adostetik hurbil daudela esan dute ERCk eta EH Bilduk

2019-06-28 14:50:00

Bi alderdietako ordezkariak Bartzelonan bildu dira inbestidura saiorako jarrera bateratua adosten hasteko eta aliantza estrategikoa martxan jartzeko.

Aurrerapen sozialak lehenetsi ditu EH Bilduk Kongresuan aurkeztu dituen lehen egitasmoetan

2019-06-21 11:00:00

Ezkerreko indar subiranisten koalizioak lehen proposamenak erregistratu ditu euskal erakundeen burujabetza handitzeko bidean: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, 1.200 euroko gutxieneko soldatak, lan erreformen indargabetzea eta eskualdatzeko falta diren eskumenen transferentzia.

Adostutako elkarlan estrategikoa irudikatu dute EH Bilduk eta ERCk Senatuko talde parlamentarioaren lehen bileran

2019-06-18 11:43:00

Legegintzaldiko erronkak aztertzeko lehen bilera egin dute ‘Esquerra Republicana-EH Bildu’ talde parlamentarioko 15 senatariek. Ezker subiranistek indarrak biderkatzeko duten gaitasuna goraipatu du Gorka Elejabarrieta bozeramaile albokoak.