Kongresua-Senatua

Albisteak

Adostutako elkarlan estrategikoa irudikatu dute EH Bilduk eta ERCk Senatuko talde parlamentarioaren lehen bileran

Legegintzaldiko erronkak aztertzeko lehen bilera egin dute ‘Esquerra Republicana-EH Bildu’ talde parlamentarioko 15 senatariek. Ezker subiranistek indarrak biderkatzeko duten gaitasuna goraipatu du Gorka Elejabarrieta bozeramaile albokoak.

| 2019-06-18 11:43:00

Hurrengo hilabeteotako erronkak aztertzeko lehen bilera egin dute gaur EH Bilduko eta ERCko senatariek Senatuan osatu duten talde parlamentario partekatu gisa. Legegintzaldian zehar hizpide izango dituzten ildoez eztabaidatu dute. Ezker subiranisten gorakadaren isla eta joan den hauteskundeetan jasotako babesaren adierazle, Senatuko hirugarren talde handiena izango da ‘Esquerra Republicana-EH Bildu’ deiturikoa, soilik PSOEk eta PPk osatutako taldeen atzetik.

Gaur eguerdian eginiko bileran, EH Bilduko eta ERCko 15 senatariek elkar ezagutzeko aukera izan dute. Euskal Herriko eta Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubidearen, preso politiko guztien askatasunaren eta eskubide sozialen alde lan egiteko konpromisoa hartu dute guztiek. Martxan jarraitzen dute, gainera, bi alderdien arteko elkarlan estrategikoa aurrera eramateko sortu diren bi jarraipen batzordeak: batzorde estrategikoa eta operatiboa.

Talde parlamentarioaren bozeramailetza Mirella Cortések hartuko du, aurreko legealdian ERC senatari izandakoak. Bozeramailearen ondokoak, berriz, Bernat Picornell (ERC) eta Gipuzkoako senatari eta koalizio abertzalearen nazioarteko arduradun Gorka Elejabarrieta izango dira. Senatuan bidelagun izango dituen senatariek bildu ostean, bi indar subiranisten arteko akordioa goraipatu du Elejabarrietak. Helburu amankomunetara iristeko asmoz, ezker subiranistek indarrak batzeko, aliantzak sustatzeko eta eraginkortasuna biderkatzeko daukaten gaitasuna nabarmendu du, gainera, “une oro banantzeko hautua hartzen duten alderdien aurrean”.

Ildo berean, Elejabarrietak gogorarazi du EH Bilduk eta ERCk elkarrekin jokatuko dutela Sanchezen inbestidura saioaren partida, eta jarrera amankomun bat adosteko lanean dihardutela. EH Bilduren nazioarteko arduradunak Espainiako presidente izateko hautagaiari eskatu dio elkarrizketaren eta akordioaren bidea urra dezala behingoz, “ez errepresioarena”. Elejabarrietak uste du Sanchezek euskal herritarren eta katalanen aldarrikapenei bizkarra ematen badie berriro ere, nekez osatuko duela horrenbeste desio duen agintaldi egonkorra. Elejabarrietari Idurre Bideguren batu zaio Senatuan, berriki Eusko Legebiltzarrak izendatutako senatari autonomikoa eta zortzi urtez Bermeoko (Bizkaia) alkate izandakoa.