Gipuzkoa

Albisteak

Prekarietatea amaitzea, gazte eta emakumeei begira bereziki, lehentasuntzat izango duen gobernu bat osatzeko konpromisoa hartu du Iriartek


Maddalen Iriarteren ustez, uztailaren 12an hautatu behar da: edo EAJren eredua, prekarietatera kondenatzen gaituena, edo EH Bildurena, segurtasuna ematen duena. 33.000 lanpostu sortu, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarri eta alokairu publikoko 11.000 etxebizitza eskaintzeko plana azaldu du.

| 2020-06-29 19:13:00

“Merezi dugun herria eraikiko duen eta, gazteei eta emakumeei arreta berezia eskainiz, prekarietateari amaiera emango dion gobernua osatzeko konpromisoa” hartu du Maddalen Iriartek gaur goizean Donostian. “Gurea bezalako herri aurreratu batek ezin du onartu Europako lan-prekarietate tasarik altuenetako bat izatea”, erantsi du, “jendearen oinarrizko eskubide guztiak babesteko konpromisoa ere” hartu aitzin.

EH Bilduren lehendakarigaiak berretsi du uztailaren 12an bi aukera egongo direla mahai gainean: prekarietatera kondenatzen gaituen EAJren eredua eta herritar gehienei segurtasuna eta ziurtasunak ematen dizkien EH Bildurena. Horri jarraituz, koalizioak prekarietatea desagerrarazteko eta herritarren eskubideak bermatzeko plan bat eta borondate politiko osoa duela adierazi du, bai eta neurriak zehaztu ere: 33.000 lanpostu berri sortu eta arriskuan dauden 100.000 lanpostuei eustea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, lan erreforma ez aplikatzea, 35 orduko lan astea enplegua banatzeko eta, etxebizitza eskubidea bermatzeko, alokairu publikoko 11.000 etxebizitza herritarren eskura jarri eta alokairuaren prezioa mugatzea”.

Iriartek konpromiso horiek guztiak zehaztu ditu bere auzoan, Antiguan, gazte ugarirekin egindako ekitaldi batean. Izan ere, toki horretan “oso ondo irudikatzen da batzuek haientzat prestatu duten etorkizun iluna, segurtasunik eta eskubiderik gabea, prekarietatean oinarritutakoa”. Salatu duenez, Donostiako auzo horretan “familia askok, 500 baino gehiagok, beren etxebizitzak gal ditzakete putre-funts batek espekulatzeko erosi dituelako, eta familia horiek bota nahi ditu negozioa egiteko”, baina instituzioek ez dute operazioa galarazi. “Hau da merezi dugun herria? Erakundeetatik ezin dugu ezer egin hori saihesteko?”.

Horren aurrean, EH Bilduren lehendakarigaiak azpimarratu du “erakunde publikoen lehenengo eta funtsezko eginkizuna jendea babestea izan behar dela, gure jendeak etorkizun duina ziurtatuta izateko politikak indarrean jartzea”. Ziurtatu duenez, “egin daiteke, borondate politiko kontua da, Urkulluren Gobernuak urrunetik ere izan ez duen borondate politikoa, alegia, bere lehentasunak beste batzuk direlako”.