AKTUALITATEA


| 2020-06-30 21:36:00

Maddalen Iriartek autogobernuari eta erabakitzeko eskubideari buruz agindutakoa eta euskal gizarteari emandako hitza ez betetzea egotzi dio gaur Bastidan, Arabako Errioxan, EAJren hautagaiari, eta ez dio sinesgarritasunik eman, beraz, Urkulluk orain, hauteskunde kanpainan, horren inguruan agintzen ari denari, “marmotaren eguna” dirudi eta. “Urkulluk dio gure herria zutik jarri nahi duela. Zutik Euskadi, Urkullu jauna? Herrialdea erori zaizu? Zutik Euskadin, belauniko Madrilen”.

Iriartek gogora ekarri du EH Bilduk “eskua luzatuta” izan duela beti erabakitzeko eskubidearen alde akordioak lortzeko. “Legealdi honetan EAJrekin akordio batera iritsi gara erabakitzeko eskubidearen alde, herri honen gehiengo politiko eta soziala ordezkatzen zuen estatus berriaren aldeko akordioa, baina zer gertatu da ordutik? Argi eta garbi esango dugu: Urkullu jaunak euskal estatus berria murriztu du, erabakitzeko eskubidea murriztu du”, “herri honen erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenen gonapean sartzea” hobetsi duelako. “Idoia Mendiarekin batera euskal estatusa geldiarazi zuenean egin zuen. Rajoyren aurrekontuak onartu zituenean egin zuen, 155. artikulua aplikatzen zen bitartean. Eta hurrengo egunean zentsura mozioak adosten ari zen PSOErekin. Ortuzarrek esan du Euskadiko kamiseta jantzi behar dela, baina Madrilen egiten dutena txaketa aldatzea da”.

EAJk erabakitzeko eskubidea alde batera utzita, EH Bilduren lehendakarigaiak herri honetako subiranista guztiei dei egin die “hautestontziak erabakitzeko eskubidearen aldeko botoz betetzeko”. “Boto bakar bat ere ez 155ekoentzat. Boto bakar bat ere ez 155a indarrean egonda haiekin negoziatzen dutenentzat. Boto bakar bat ere ez Madrilen belaunikatzen direnentzat”.

Arkaitz Rodriguezek Estatuaren biktimak eta Rosa Zarra gogoan izan ditu Donostian

Gipuzkoan, berriz, Donostiako Katalunia plazan Arkaitz Rodriguez eta Mertxe Aizpurua izan dira gaur arratsaldean. Rodriguezek, Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela 25 urte pasa diren egunean, nabarmendu du “gure esku dagoena” egingo duela EH Bilduk “Rosa Zarra eta Estatuak egindako giza eskubideen urraketa larrien gainerako biktimak duintzeko. Egia, justizia eta erreparazioa biktima guztientzat. Denentzat. Hori da gure konpromisoa”.

Eta gaineratu du EH Bildu dela boto antifaxistarik onena. “Vox birrintzeko irrikitan dauden guztiei esaten diegu uztailaren 12an aukera ezin hobea dagoela espainiar ultraeskuinei aurre egiteko”. Hala, Vox eta PPri “min gehien egiten diena” EH Bilduren boza dela gogorarazi eta “hautestontziak EH Bilduren boto antifaxistekin betetzera” dei egin die Rodriguezek gipuzkoar guztiei.

Aizpuruak, bestalde, adierazi du Madrilen EAJk bere interesak baino ez dituela negoziatu. “Hauteskundeak egitea bere interesekiko eta Madrildik bigarren mailako hiru transferentzi ekartzea, eperik eta datarik gabe. Farmazia produktuen publizitatearena, eskola asegurua eta aurrejubilazioen tramiteen kudeaketa. Baina non daude EAJrentzat Espetxeen transferentzia eta Gizarte Segurantzarena, hemen pentsio duinak ezartzeko aukera irekiko lukeen transferentzia? EAJk herri hau bere negozio bat bezala ulertzen du eta horregatik bost axola zaizkio espetxeen transferentzia edo gizarte segurantza eskuratzea. Presoak eta pentsiodunak ez direlako negozioa beraientzat”.