AKTUALITATEA


| 2019-11-05 19:00:00

“Espainiako Estatua sartu den inboluzio antidemokratikoaren aurrean, Euskal Herriko gizonemakumeok gauza bat izan behar dugu argi: suberanisten arteko elkarlana da frankismoarekin amaitzeko gai den bakarra”. Mezu ezin argiagoa eta zuzenagoa ekarri du gaur Maddalen Iriartek, Tolosako Zerkausian EH Bilduk eginiko ekitaldi elektoralera. Atzo gaueko eztabaida izan du hizpide, eta azpimarratu du debatean parte hartu zuten bost hautagaiek agerian utzi zutela inboluzioari subiranismoaren bidetik egin behar zaiola aurre ezinbestean. “Gure proposamena argia da: demokrazia inboluzio antodemokratikoaren aurrean, askatasuna errepresio politikoaren aurrean, duintasuna murrizketa sozial eta ekonomikoen aurrean”.


Horri jarraituz, EH Bilduko bozeramailea ziur agertu da subiranismoa erabakigarria izango dela Madrilen. Izan ere, “subiranistok gara balantza alde batera edo bestera eraman dezakegunok” eta, beraz, erantsi du, “Pedro Sanchezek aukeratu beharko du: edo eskuinak eta Vox-ek markatzen duten agendari jarraitu ala demokraziaren bidea hartu, datuak eta inkestak ikusita, subiranistekin bakarrik egin daitekeelako gobernua. Edo eskuinarekin edo subiranistekin”. Iriarteren iritziz, debateak berriz erakutsi zuen bertan ordezkaturik egon ziren alderdiak “ez direla gai konponbide bat bera ere mahai gainean jartzeko Euskal Herriarentzat eta Estatuko gainontzeko nazioentzat”. Areago, eztabaida horretatik ondorioztatzen da “Espainiako alderdi handiek inboluzio antidemokratikoaren bidea hartzea erabaki dutela eta gogor arituko direla herritarren bizi baldintzak hobetzeko autodeterminazio eskubidearen tresna praktikan jartzea erabakitzen dutenen aurka. Neurri gogor gehiago eta demokrazia gutxiago, hori da atzoko debatearen ondorio nagusia, eta horretan ados daude denak. Vox markako politika
egitea da hori”.


Eztabaidak, azken batean, EH Bildu aspalditik behin eta berriz ohartarazten ari dena berretsi baino ez zuen egin; hau da, “Espainiako Estatutik etorriko zaigun gauza bakarra inboluzio antidemokratikoa dela: Birzentralizazioa, murrizketa ekonomikoak eta sozialak, oinarrizko eskubideen aurkako erasoak eta errepresioa”. Otegik esan bezala, “Katalunia eta Euskal Herria bezalako herrien eskaera demokratikoei errepresioarekin erantzuten dakite bakarrik”.


Jon Iñarritu: “Llotja de Mar-eko deklarazioa ezinbesteko mugarria da indar soberanistek inboluzioari aurre egiteko” 


Maddalen Iriarteren aurretik, Jon Iñarritu Kongresurako hautagaiak hartu du hitza Tolosan, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta ondoan zituela. Iñarrituk subiranisten arteko elkarlanak fruituak ematen dituela gogorarazi du eta Llotja de Mar-eko deklarazioa jarri du horren adibide gisa. Nabarmendu du Estatuko alderdi subiranistak bertan izan ginela, Euskal Herritik EH Bildu soilik: “Llotja de Mar-eko deklarazioa ezinbesteko mugarria izan da Galizako, Kataluniako eta Euskal Herriko indar soberanistak inboluzioari aurre egiteko”.

Iñarrituk dei egin die, beraz, “Gipuzkoako abertzale, subiranista eta aurrerakoi guztiei beren
konfiantza EH Bildurengan jartzera, horrela bakarrik lortuko dugulako Vox-en bazkideak
ordezkaririk gabe uztea eta inboluzioari aurre egitea”.