AKTUALITATEA


| 2019-09-26 15:37:00

Gipuzkoako pobrezia eta gizarte bazterketari buruzko inkestako datuak azaldu ditu gaur Maite Peña diputatuak eta bertan nabarmentzekoa da lanpostu bat izan arren pobrezian dagoen biztanleriaren datua (pobrezia erlatiboa landun populazioan) 4 puntu igo dela azken lau urteetan. Gizarte bazterketan azken inkestatik hona 3.000 persona gehiago daude gainera. Bestalde, pobrezia eta gizarte bazterketa arriskuaren tasa (AROPE tasa), %19,2an dago eta gogorarazi behar da Maite Peñak aurreko legealdiko helburua %18tik jaistea finkatu zuela.

 

Krisi garaiak atzean utzi ditugula egia baldin bada, inkesta horrek argi erakusten du Aldundiko gobernuaren politikek gipuzkoarren arteko ezberdintasunak handitzen dituela eta pobreziaren kronifikazioaren aurka ez duela neurri eraginkorrik aplikatu.

 

Neurri eraginkorrak hartzeko aukera izan dutenean ere uko egin dio EAJ-PSEk. “Azken plenoan aldundiaren eskuduntza diren kontratu guztietan 1.200 euroko gutxieneko soldata finkatzea eskatu zuen EH Bilduk eta gobernuko bi taldeek aurka bozkatu zuten. Ikusi besterik ez dago Tabakalerako langileek 7 hilabete egon dira greban lan baldintza duinak lortzeko, egoitzetako langileak greban ditugu eta hor ere Aldundiak badu zeregina eta erantzukizuna”, esan du Ernesto Merino batzarkideak.

 

Merinok gaineratu du Peñak 2018ko uda aurretik aurkeztu behar zuela inkesta honen emaitza eta EH Bilduk behin baina gehiagotan galdetu arren, diputatuak hauteskundeak pasa arte atzeratu duela bere azalpena.