AKTUALITATEA


| 2020-03-25 17:09:00

Koronabirusak eragindako krisi soziosanitarioak adinekoen egoitzetan izan dezakeen eragina kontuan izanda, zentro horietan hartuko diren neurriak lehenbailehen indartzea eta zehaztea beharrezkoa dela uste du EH Bilduk. Batez ere, kontutan izan behar delako bertan adineko pertsonekin ari direla lanean langileak eta, gehienek, patologia ezberdinak dituztenak.

 

Hori dela eta, Aldundiari dagozkion egoitza publikoetan eta plaza kontzertatuak dituzten zentroetara zein babes neurri bideratuko diren galdetu du. Hain zuzen ere, EH Bilduk jakin nahi du EPIak banatu diren eta, horrela izanez gero, zenbat eta zein egoitzetan.

 

Beharrezkoa da langile horiei segurtasun neurriak berehala aplikatzea. Arrisku handiko sektorea izanik, Osakidetzan ezarri diren moduko neurriak izan beharko lituzkete. Eta, besteak beste, langileen artean test gehiago egin beharko lirateke, birusaren hedapena ahalik eta azkarren eteteko. “Garrantzia handia du, horrelako egoitzetan batez ere, birusaren transmisore izan daitezkeen pertsona guztiak ahalik eta azkarren identifikatzea”, nabarmendu du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak.

 

Hartuko diren babes neurrietaz gain, orain arte emandako urratsen inguruan ere galdetu du EH Bilduk. Aldundiaren gainontzeko zerbitzu eta departamentu guztietan zein neurri hartzen ari diren galdetu du, baita azpikontratatuta dituen zerbitzutan ere. “Sail ezberdinetako langileei koronabirusaren inguruko kontrolak egin zaizkien jakitea beharrezkoa da; zein froga mota eta zein langile motari, hain zuzen ere”, gaineratu du Izagirrek.