AKTUALITATEA


| 2019-10-09 13:20:00

Hondarribiko alardea konponbide norabidean jartzeko, emakumeen eskubideak oinarrian izango dituen elkarrizketa sustatu eta horretarako baliabideak jartzeko eskatu du EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan baina horren aurrean, emakumeen eskubideak aipatzen ez dituen PSEren Osoko zuzenketaren puntu bakarra onartu dute EAJ eta PSEk.

 

Amaia Azkue batzarkideak nabarmendu du emakumeen eskubideen urraketa dagoen bitartean, erdian kokatzeak urraketa horien alde kokatzea adierazi nahi duela. “Zuek jakitun zarete, lehenago edo geroago baina epe motzean hau konponduko dela, herriko jendea, gazteak… “betiko” alardeko partehartzaileak mugitu dira, zuetako batzuek etxean ere ikusi duzue nola ari den gailentzen emakumeen parte hartzearen aldeko jarrera, gizartearen gehiengoarentzat onartezina delako gauden garaietan gisa honetako debekuak indarrean egotea, jaietan emakumeok libre eta benetako berdintasunean, beste alorretan bezelaxe parte hartzeko eskubidea dugulako, mugarik gabe” adierazi du Azkuek.

 

Gaineratu du ezinbestekoa dela Aldundiak, “gipuzkoarron ordezkaritza instituzional honek, jarrera determinantea erakustea gai honetan, emakume gipuzkoar batzuen eskubideak behin eta berriz urratzen ari direlako. Ondare kulturalak, herrietako ohiturak, ez dira galduko emakumezkoak onartuko dituen alarde bakarra izango denean; orduan jaiak errespetuzkoak, zoriontsuak eta herrikoiak izango dira. Eta gu asko poztuko gara hori bizitzen dugunean, baina ordurartekoa ez dugu nekez ahaztuko, eta urteetako min horren errekonozimendua ere, beharko da“, ohartarazi du Azkuek.