Gipuzkoa

Albisteak

EAJ-PSEk Zaldunbordako makroproiektua gelditzearen aurka bozkatu dute

| 2019-10-09 12:30:00

Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduari buruzko lege proposamenean adostutakoaren aurka Hondarribian egin nahi den outlet merkatalgune handia gelditzea eskatu du gaur EH Bilduk, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran baina EAJ eta PSEk aurka bozkatu dute.

 

“Hemen kontua da alderdi guztiok merkatalguneak arautzeko beharra ikusi genuela, arau hori adosteko saiakerak eta ahaleginak egin genituela eta, azkenean, lege forma emanez, adostasunera iritsi ginela, alderdi guztiok, Hondarribiko alkatearen EAJ barne. EAJk eta PSEk sinatu duzue lege hori, eta, beraz, onartu duzue Gipuzkoak ez duela azalera handiko merkatalgune handi gehiagorik behar. Beraz, ez dugu ulertzen gaur Hondarribian egin nahi den eta inguruko herrietan eragin zuzena izango duen proiektu hau gelditu beharrean, aitzakiak jartzen ibiltzea. Denon artean adostutako legeari aitzakiak jartzea”, adierazi du Juan Karlos Izagirrek.

 

Izagirrek azaldu du 2019ko otsailean Gasteizko parlamentuko gehiengo baten babesa zuela lege proposamenak (EH Bildu, Podemos eta PP), baina adostasun zabalago baten mesedetan, lege-proposamenaren onarpena atzeratzea erabaki zela, azkenean, ekainaren 27an alderdi guzti-guztien babesarekin onartzeko. Horrexegatik, legea onartu bezperan, ekainaren 26an, Hondarribiko alkateak makroproiektu bati dekretu bidez hasiera eman izana ez dela kasualitatea salatu du. Izan ere, legeak dio berau onartu aurretik hasiera emana duten proiektuak ez dituela aintzat hartzen.

 

Izagirrek nabarmendu du egun, zailtasun eta arazo asko dituen hurbileko eta kalitatezko denda eta komertzio txikiarentzat, desagertzera bultzatuko duen kolpea izango dela; kotxe pribatuaren erabilera bultzatuz, ingurumenaren ikuspegitik eredu ez jasangarri batean sakontzea ekarriko duela, klima aldaketaren aurkako lana oztopatuz -urtean 5 milioi desplazamendu espero dituzte-; eta, herri eta hirietako hizkuntza ohitura eta kulturan aldaketa nabaria sortuko duela, herri eta hiri bizitza gutxituz eta lotarako eremu huts bilakatzeko arriskuak areagotuz.