Gipuzkoa

Albisteak

Aizpurua: “Aukera bat daukagu nahi ez gaituzten horien aurrean berriz ere egoteko eta gure programa sutsuki defendatzeko”

“Jendeari gauza bat adierazi nahi diogu, hitza betetzen duena saritu behar da. Hitza betetzen ez duena sarituta, behin eta berriz hitza bete gabe jarraituko dute”, adierazi du Mertxe Aizpurua Kongresuko diputatuak.

| 2019-10-02 13:21:00

Gaur arratsaldean Errenteria/Oreretako Reina Aretoan EH Bildu egin duen herri batzarrean izan da Mertxe Aizpurua: “Aukera bat daukagu, aukera bat hitza betetzen duena saritzeko eta hitza betetzen ez duena zigortzeko. Aukera bat daukagu nahi ez gaituzten horien aurrean berriz ere egoteko, espaniar Kongresuan, gure programa sutsuki defendatzeko”.

 

Aizpuruak gogora ekarri du badirela batzuk “hitza bete ez dutenak, hemen ez dira gai izan akordioak lortzeko eta horregatik, euskaldunak zoritxarrez, espainiar estatuari lotuta gaudelako, berriz ere hauteskundeetara deituta gaude”, adierazi du.

 

EH Bilduren zerrendaburuak argi dauka hitza betetzen duena saritu behar dela: “Hitza betetzen ez duena saritzen bada, behin eta berriz hitza bete gabe jarraituko dute eta hori argi gogoratu behar dugu. Batzuk esaten dute nagitasuna ematen diela berriro ere hauteskundeetara joatea, euskaldunak oraindik ere gaur egun estatu espainolaren menpe egotea da nagitasuna ematen duena”.

 

Horregatik, euskal herritarrak A-10eko hauteskundeetan parte hartzeko mezua bidali du: “Beraiek bozkatzera joango dira, baina independentistak eta ezkertiarrak joango gara bozkatzera eta gehiago izango gara”.