Bizkaia

Ilardiak Enkarterrien abandonua salatu du Gueñesen eta konpromisoa adierazi du Bizkaia osoaren garapen orekatuarekin

Ahaldun nagusigaiak lurzoru industrialak berreskuratu beharra azpimarratu du eta egungo garapen ereduaren aurka azaldu da, jarduera ekonomikoa Bilboko Gran Via kalean zentralizatzen duelako.

| 2019-05-18 19:11:00

Bea Ilardiak Enkarterriak historikoki pairatu duen abandonu instituzionala salatu du gaur goizean Gueñesen Idoia Perez bertako alkategai eta Iker Casanova legebiltzarkidearekin batera. Ahaldungai nagusiak esan duenez, utzikeriak ezaugarritu dituen politika instituzional horiek langabezia tasa altuak ekarri dituzte, “eta gero, adabakia jartzeko edo, zalaparta handiz iragarri diren proiektuak ezerezean geratu dira beti azkenean”.

 

Ilardiak kritikatu du zer nolako aldeak eta desorekak dauden, sozialak zein ekonomikoak, Bizkaiko eskualdeen artean, eta egoera hori azken urteotan eginiko politikei egotzi die, zonalde zehatz batzuen garapena lehenetsi delako. Hori ez da, ordea, EH Bilduko hautagaiak defendatzen duen eredua. Bere hitzetan, “gure ereduak ez du jarduera ekonomikoa Bilboko Gran Via kalean zentralizatzen; guk herrialde orekatu eta kohesionatua nahi dugu eta argi dugu Enkarterrien etorkizuna, Bizkaia osoarena bezala, jarduera ekonomikoaren banaketa orekatuaren eskutik etorriko dela. Bizkaiak daukan potentzial ekonomikoa lurralde guztian banatu behar da, jarduera ekonomikoa ezin delako hiri handian bakarrik geratu”.

 

Horren haritik, Aldundiak lurzoru industrial zaharrak berreskuratzea nahi du ahaldungai nagusiak: Trapagaranen Babcock zaharrean, Basaurin Baskonia zegoen tokian eta Gernikan Labeagako zonaldean. “Berreskuratu dezagun Bizkaiko leku batzuetan daukagun lurzoru industriala eta eman diezaiegun bigarren aukera bat arduradun politiko batzuek ahaztuta dituzten eskualde horiei”.

Ilardiak industriaren desagerpenaz ohartarazi eta Bizkaia orekatu eta kohesionatu baten aldeko apustu egin du

Ahaldun nagusigaiak oreka nahi du “herritarren artean, eskualdeen artean eta aberastasunaren banaketan” eta salatu du azken urteotan Aldundia kontrako norabidean aritu dela eskualde batzuen kalterako, Busturialdea kasu.

| 2019-05-17 12:47:00

Bea Ilardia EH Bilduren ahaldungai nagusia Bermeon izan da gaur goizean, Busturialdean, eskualde hori azken urteotan Bizkaiko Foru Aldundiak egin duen politikaren “adibide paradigmatikoa” delako. Izan ere, “Busturialdean industria desagertzen joan da hirugarren sektorearen mesedetan, zerbitzuen mesedetan, eta gabeziak larriak dira garraio publikoari eta errepideei dagokienez”. Ilardiak salatu duenez, Aldundiak ez ditu eskualde guztiak aintzat hartu eta haien arteko aldeak areagotu ditu. Hala, “eskualde batzuetan bizitzeak zerbitzu okerragoak eta bizitza maila eskasagoa izatera kondenatzen ditu bertan bizi direnak”.


EH Bilduko hautagaiak, berriz, argi du “Bizkaia kohesionatu bat beharrezkoa dela jendearen ongizatea eta beharrizanak eskualde guztietan bermatzeko” eta, beraz, “Bizkaia orekatua lortzea” du helburu datorren legealdirako. “Behetik gora eraikitako Bizkaia nahi dugu, herritarrak eta haien beharrak kontuan hartzen dituena eta inor bazterrean uzten ez duena. Oreka behar dugu herritarren artean, eskualdeen artean eta aberastasunaren banaketan”.
 

Idurre Bideguren: Kudeaketa hurbila eta gardena
Bea Ilardiak ez ezik, Idurre Bideguren alkateak –Senatuan arituko da datozen lau urteotan– eta Bittor Asteinza alkategaiak ere parte hartu dute Bermeoko ekitaldian. Bidegurenek EH Bilduren kudeaketa eredua goraipatu du, “hurbiltasunean eta gardentasunean oinarritutako eredua” delako. Adierazi duenez, EH Bilduk hala gobernatu du Bermeo azken zortzi urteotan, “argi dugulako hori dela kudeaketa arrakastatsuaren formula”.

Bertako Udalean eginiko lana Europan ere aitortu eta saritu dutela gogora ekarri ostean, alkateak azaldu du hilaren 26ko hauteskundeetan herritarrek bi eredu ezberdinen artean aukeratu beharko dutela. Batetik, “gardentasuna oinarri daukan politika”; bestetik, “bete gabe geratzen diren promesetatik harago ez doan politika”.

 

ALBISTEAK

Aldundiak Pertsona Fisikoen Errentari buruzko Zergan aldaketak ezkutuan egin izana salatu du EH Bildu Bizkaiak

2019-09-18 14:50:00

Aldaketaren ondorioz, gehien daukatenek gutxiago ordainduko dut

Aldundiak EPOAren Batzar Nagusia babesteak interes ekonomiko argi bat daukala salatu du EH Bilduk

2019-09-17 12:05:00

Ekimen horretako Ortzadar LGTB Elkarteari emandako diru-laguntza Turismo eta Bizkaiaren Sustapenerako sailaren bitartez eman da