Bizkaia

Konformismoan oinarritutako aurrekontuei Osoko Zuzenketa aurkeztu die EH Bilduk

Aberastasunaren bidezko banaketa, kalitatezko enplegua bultzatzea eta klima larrialdiaren aurrean neurriak hartzea izango dira EH Bilduk egindako proposamenaren ardatzak

| 2019-12-02 11:52:00

Bizkaiko Foru Gobernuak aurkezturiko aurrekontu proiektuari Osoko Zuzenketa aurkeztu dio gaur goizean  EH Bilduk. Bea Ilardia bozeramaileak eta Arantza Urkaregi legebiltzarkideak azaldu dutenez, “EAJk eta PSEk aurkezturiko aurrekontu proiektua konformismoan geratzen den dokumentu bat da. Jada ezin dugu jarraikortasunaz hitz egin; alderdi bien jarrera konformismo hutsa da”.

Ilardiak azpimarratu du EH Bilduk Osoko Zuzenketa aurkeztu duela “aurrekontu proiektuak ez duelako Bizkaiko herritarren bizimodu duina bermatzen” eta, politika berberei eutsiz, ezinezkoa delako egoera larrienean dauden pertsonen bizimodua hobetu”.

Hiru ardatz EH Bilduren proposamenaren oinarrian

Aurrekontu proiektu horren aurrean, EH Bilduk aberastasunaren bidezko banaketa, kalitatezko enplegua eta klima-larrialdiaren aurkako neurriak hartzea eskatzen du.

“Gizarte zerbitzuak pertsona guztietara heldu behar dira eta langileen ekarpena handitzen ari den bitartean, enpresek gero eta ekarpen txikiagoa egiten dute. Azken urtean 93 milioi gutxiago bildu dira, esaterako, Sozietate Zergatik”, esan du Arantza Urkaregi batzarkideak.

Enpleguari dagokionez enplegu publikoa sortzeko diru gehiago bideratzea eskatu du EH Bilduk. “Azpikontratatuko zerbitzuetako langileen lan-baldintzak duindu behar ditugu 1200€ko gutxieneko soldata ez delako bermatzen eta eskualdeen garapenaren alde egin behar dugu. Kanpora begira dauden aurrekontu batzuk dira, nazioartetik talentua ekartzea helburu daukatenak, bertakoa zaindu ordez”, azpimarratu du Urkaregik.

Azken gaiari dagokionez, klima-larrialdiaren inguruan, neurri bakarra jasotzen dela gogoratu du Urkaregik. “Klima-aldaketaren aurreko Ekintza Planerako 44.000€ bakarrik bideratzen dira. Zein neurri har daiteke kopuru eskas horrekin?”

Bitartean, ingurugiroaren aurka doazen hainbat neurri bultzatzen dira, auto pribatuaren erabilera sustatzea adibidez. “Ezin da klima larrialdia aldarrikatu eta horren kontra jo baino larrialdia areagotu duten politikak bultzatu”, adierazi du Urkaregik.

EH Bilduk 219 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu

EH Bilduk hainbat hobekuntza aurkeztu ditu bizkaitarron bizitza hobetzeko ekonomiaren sustapenarekin eta herrialde jasangarriago bat lortzeko helburuarekin. 140 milioi euro beste era batera inbertitzea proposatzen du 219 zuzenketa partzialen bitartez.

Enplegu duina bultzatzeko, eskualdeen ehun ekonomikoa indartzeko 4,3 milioi euro gehiago inbertitzea proposatzen du EH Bilduk eta, zenbait kasutan, administrazioan azpikontraten bidez lan egin beharrean, kontratazio zuzenaren alde egitea.

Klima larrialdiari erantzuteko, 5,3 milioi euro bideratzea proposatzen da baso politika berri bat bultzatzeko eta beste 10 milioi euro lehen sektorea indartzeko.

Horretaz gain, mugikortasunari dagokionez, Errekalde eta Galdakaoko metro lineetarako milioi bat euro aurreikusten ditu, Txartel Bakarra garatzeko 500.000€, 6,5 milioi euro gehiago bidegorri sarea indartzeko eta 1,5 milioi euro Errekaldeko saihesbiderako.

Berdintasuna zehar-lerro bat izan behar dela planteatzen du EH Bilduk eta helburu horretarako, sail guztietan, 6 milioi euro gehiago inbertitzea proposatzen du.

EH Bilduk udal mailan ekimenak aurkeztuko ditu lindanoaren arazoari aurre egiteko

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak Bilbo, Barakaldo, Erandio, Mungia, Santurtzi edo Derio bezalako herri kaltetuetako ordezkariekin agerraldia egin du

| 2019-11-26 13:10:00

Gaur goizean Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak agerraldia egin du Bilbon. Lindanoarekin arazoak dituzten herri ezberdinetako ordezkari politikoekin batera, EH Bilduk udal ezberdinetan abian jarriko duen ekimena aurkeztu du.

Oterok azaldu duenez, herri ezberdinetan mozioak aurkeztuko dira lindanoaren arazoari irtenbide bat bilatzeko. Asmoa arazoa aztertzeko mahai instituzional eta sozialak abian jartzea da.

“Martxoan aho batez onartu genuen horrelako urrats bat ematea, baina denborak aurrera egin ahala ikusten dugu ez dela aurrerapausorik eman. Berriz ikusi dugu Legebiltzarrean onartutakoak ez daukala jarraipenik. Oraingoan aurrekontuetan ere ez da aipamenik egiten. Hori dela eta, udal mailan urratsak emateko unea dela uste dugu”, azaldu du legebiltzarkideak.

Herri ezberdinei eragiten dion arazoa

EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratu du lindanoaren arazoak herri ezberdinei eragiten diela eta beharrezkoa dela ahalik eta azkarren irtenbide bat bilatzea. Jata mendian edo Bilbon izandako arazoak gogoratu ditu eta udal ezberdinetan mahai instituzionalak eratuz arazoari irtenbide bat bilatzeko aukera bat dagoela aipatu du.

ALBISTEAK

Errenta irregularen inguruko foru araua ezer gutxi aldatzen duela salatu du EH Bilduk

2020-01-23 14:15:00

Dekretuaren bidez ezin zutena egin orain Foru Arauaren bidez egin nahi dutela salatu du Arantza Urkaregi batzarkideak

Zaintza aferetan Guraso Alienazioaren Sindromea ez erabiltzeko neurriak adostu dituzte Batzar Nagusiak, EH Bilduren proposamenez

2020-01-22 11:55:00

EH Bilduren proposamena, Gobernu taldearekin eta Elkarrekin Bizkaiarekin adostua izan dena, alderdi guztien babesa jaso du

Umeen Zerbitzuan eta Indarkeria Matxistaren Behatokian hobekuntzak egitea proposatuko du EH Bilduk

2020-01-21 11:44:00

Helburu horrekin, hurrenez hurren, mozioa eta Arauz Besteko Proposamena aurkeztuko ditu asteazkeneko Batzar Nagusien Osoko Bilkuran

Glefaran enpresak sortutako arazoen aurrean kezkatuta agertu da EH Bildu eta irtenbide bat eskatu die instituzioei

2020-01-17 13:52:00

Urtarrilaren 25erako deitutako manifestazioan parte hartuko dutela adierazi dute EH Bilduko ordezkariek