Bizkaia

“EH Bildutik akusazio partikularra gauzatzen jarraituko dugu Alonsotegiko epaiketan, herrian hirigintzaren kudeaketan gertatu diren irregulartasunen inguruan egia jakin dadin”

| 2019-07-19 12:50:00

José Luis Erezuma Alonsotegiko alkate ohiak atzo epaitegian deklaratu zuen hain zuzen ere Barakaldoko epailearen aurrean, uholdeen ondorioz gertatu ziren kalte batzuei aurre egiteko gauzatu ez ziren lanen inguruan. Erezumaren esanetan Laneder enpresaren egoera ekonomiko kaxkarrak iruzurra justifikatu zuen. Auzi honetan bertaratua dagoen EH Bilduren ustez deklarazio hau kontraesan eta faltsukeriz Beteta dago. EH Bildutik uste dugu frogatuta geratu dela diru publikoa erabilita 600.000 euro baino gehoagoko iruzurra egin dela. Ondorioz argi dago ez dela dirulaguntza hauen inguruan Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik inolako kontrolik egon, gauza larria kontutan izanda erakunde honek eman zituela dirulaguntzak. Deklarazio hauen ondotik epaiketa gauzatu behar dela uste dugu eta esandakoa kontutan hartuta baliteke epaitutako guztientzat zigorrak egotea. EAJk ezarri duen kudeaketa eredu hau herritarren interesen kontra doa eta kasu honetan Alonsotegiko udala hondamendira eraman du.. EH Bilduk urteetan irregulartasun ugari salatu ditu eta kasu batzuetan Foru Aldundiak ez du behar bezalako kontrola egin. EH Bildutik akusazio partikularra gauzatzen jarraituko dugu Alonsotegiko epaiketan herrian hirigintzaren kudeaketan gertatu diren irregulartasunen inguruan egia jakin dadin.  

 

EH Bilduk ‘Jaietan ere, emakumeok libre’ izateko sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du eta jai parekideak bermatzeko hainbat neurri proposatu ditu

| 2019-07-19 12:42:00

Euskal Herrian jaietan murgilduta gaude eta, horrela izanik, ‘Jaietan ere, emakumeok libre’ kanpaina abiarazi du EH Bilduk.  Kanpainaren helburua da herritar oro konturatzea emakumeek eta gizonek ez dutela askatasun eta behar berdinekin jokatzen jaietan eta jai eremuetan eta egiazko jai parekideak eraikitzea.


Kanpaina horren aurkezpena egin dute gaur prentsaurrekoan Jasone Agirrek, EH Bilduko legebiltzarkideak; Jone Goirizelaiak, Bilboko udaleko EH Bilduko bozeramaleak; Bea Ilardiak, Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaleak; eta  Idurre Bidegurenek, EH Bilduko senatariak.


Bea Ilardiak gogoratu duenez, “zoritxarrez, azken asteetan hainbat eraso sexual pairatu izan dituzte Euskal Herriko hainbat emakumek herri eta hiri ezberdinetan: Barakaldo, Bilbo, Beasain, Santurtzi, Hernani, Iruña…”. “Argi dago datuak ez direla onak, Euskal Autonomi Erkidegoan udako 3 hilabeteetan iaz 174 salaketa tarteratu ziren eta salatzen direnak eragiten dituzten erasoen gutxiengoa dela kontutan hartzen badugu, datuak jasanezinak dira”, adierazi du.


Ildo horretan, azaldu dutenez,  “jai eremuak eta jai giroak aproposak dira sexu erasoak emateko” eta “horren guztiaren inguruan kontzientzia hartzea eta egiazko jai parekideak eraikitzea ezinbestekoa da, emakumeen eta LGTBIQ kolektiboaren aurkako edozein eraso saihesteko helburuarekin”.
 

Protokoloa
Horrela, hainbat neurri proposatu dituzte EH Bilduko ordezkariek. Horien artean, Goirizelaiak adierazi duenez, herri eta hiri guztiek izan behar dute emakume elkarte eta mugimendu feministako kide eta berdintasun teknikariekin batera koordinatutako jaietarako indarkeria matxista protokoloa. Gainera, bere esanetan, protokolo horretan garrantzitsua da, besteak beste, txosna eta gazte mugimendua atxikitzea.


Jaien aurretik autodefentsa feminista ikastaroak antolatzea, eraso sexistei buruzko kontzientziazio kanpainak martxan jartzea eta jaietako egitarauaren eta ekintzen inguruko erabaki espazio guztietan parekidetasuna bilatzea dira EH Bilduko ordezkariek proposatutako beste neurri batzuk. Era berean, Goirizelaiaren esanetan, jaietan eta espazio ludikoetan  sortzen diren jardun, portaera, bizitzeko modu desberdinak, rolak… identifikatzea eta parekidetasuna lantzeko tailerrak zein espazioak aktibatzea ere “garrantzitsua” da.


Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaleak nabarmendu duenez, jaietako ekintzak nori zuzenduta dauden, zenbateko aurrekontua duten eta nortzuk parte hartuko duten hausnartzea beharrezkoa da eta, behar izanez gero, orekatzeko irizpideak ezartzea: emakume elkarteak eta talde feministak zuzenean gonbidatu, bilera orduak eta egunak zaindu, informazioa partekatu, jardueren formatua emakumeentzat erakargarria egin, ikusarazi eta lehenetsi emakumezkoak protagonista diren jarduerak (kultura, kirol jarduerak), epaimahai parekideak sortzen saiatu, balioa eta aitortza soziala eman gehienetan emakumeek egiten dituzten eta bigarren mailakotzat hartzen diren lanei...
Ildo horretan, azpimarratu duenez, ezinbestekoa da jai egitarauetan eta komunikazioko materialetan mezu, irudi edo hizkuntza sexistarik ez erabiltzea eta  gizonen eta emakumeen aniztasuna (adina, jatorria, sexu orientazioa, genero adierazpena...) ikusaraztea.


Indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak martxan jarri behar diren moduan, askatasun afektibo-sexualaren kontrako indarkeriari ere aurre egin behar diogula, LGTBIQ koleltiboekin elkarlanean, nabarmendu du Goirizelaiak, izan ere, “sistema heteropatriarkalean oinarrituta dauden indarkeriak dira biak”.


EH Bilduko ordezkariak gogoratu dutenez, “jaietan eta horien inguruan sortzen diren egoera desberdinak, bai eta bertan ageri diren elementuak aitzakiatzat hartzen dira naturalizatzeko gertatzen diren hamaika eraso sexista eta sexual”.


Testuinguru orokor honetan, EH Bilduko emakumeen ustez, jaiak dira “unerik aproposena eremu hurbilean nahi dugun eredua eraikitzeko: herrikoia, parte hartzailea, berdinzalea, librea, segurua....”. “Bide hori lantzeko azterketa kritiko bat egin behar dugu; eta horrela aipatutako neurriak proposatu ditugu”, nabarmendu dute.

 

ALBISTEAK

Genero-ikuspegia nola eta zein programatan txertatu den zehaztea tramitera onartu dute Batzar Nagusiek, EH Bilduk eskatuta

2019-12-11 12:11:00

EH Bilduk egindako proposamena alderdi guztiek onartu dute, PP izan ezik

Beste errepide batzuetan gertatzen den bezala, AP-68an hileko gastu limitea ezartzea eskatu du EH Bilduk

2019-12-10 12:48:00

Errepide hori Aldundiaren esku dagoela kontuan izanda, A-8, Supersurrean edo Artxandako Tuneletan aplikatzen den gastu muga ezartzea eskatu dute eskualdeko EH Bilduko zinegotzi eta alkateek

Konformismoan oinarritutako aurrekontuei Osoko Zuzenketa aurkeztu die EH Bilduk

2019-12-02 11:52:00

Aberastasunaren bidezko banaketa, kalitatezko enplegua bultzatzea eta klima larrialdiaren aurrean neurriak hartzea izango dira EH Bilduk egindako proposamenaren ardatzak

EH Bilduk udal mailan ekimenak aurkeztuko ditu lindanoaren arazoari aurre egiteko

2019-11-26 13:10:00

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak Bilbo, Barakaldo, Erandio, Mungia, Santurtzi edo Derio bezalako herri kaltetuetako ordezkariekin agerraldia egin du