AKTUALITATEA


| 2020-06-26 17:11:00

Gaur Bilbon Jasone Agirre EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburuak gazteei eta emakumeei arreta berezia eskaintzearen beharra azpimarratu du eta prekarietatearekin bukatuko duen gobernua osatzeko konpromisoa agertu du EH Bildu.

“Gurea bezalako herri aurreratu batek ezin du onartu Europako lan-prekarietate tasarik altuenetako bat izatea”, erantsi du, “jendearen oinarrizko eskubide guztiak babesteko konpromisoa ere” hartu aitzin.

EH Bilduren hautagaiak berretsi du uztailaren 12an bi aukera egongo direla mahai gainean: prekarietatera kondenatzen gaituen EAJren eredua eta herritar gehienei segurtasuna eta ziurtasunak ematen dizkien EH Bildurena. Horri jarraituz, koalizioak prekarietatea desagerrarazteko eta herritarren eskubideak bermatzeko plan bat eta borondate politiko osoa duela adierazi du, bai eta neurriak zehaztu ere: 33.000 lanpostu berri sortu eta arriskuan dauden 100.000 lanpostuei eustea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, lan erreforma ez aplikatzea, 35 orduko lan astea enplegua banatzeko eta, etxebizitza eskubidea bermatzeko, alokairu publikoko 11.000 etxebizitza herritarren eskura jarri eta alokairuaren prezioa mugatzea”.

Gazteek bizi duten egoera prekarioaren aurrean, EH Bilduren Bizkaiko hautagaiak azpimarratu du “erakunde publikoen lehenengo eta funtsezko eginkizuna jendea babestea izan behar dela, gure jendeak etorkizun duina ziurtatuta izateko politikak indarrean jartzea”. Ziurtatu duenez, “egin daiteke, borondate politiko kontua da, Urkulluren Gobernuak urrunetik ere izan ez duen borondate politikoa, alegia, bere lehentasunak beste batzuk direlako”.