AKTUALITATEA


| 2020-03-18 11:15:00

EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko Jarraipen Mahaia osatzea proposatu du.

Bea Ilardia bozeramaileak adierazi duenez, “espazio hori sortzea ezinbestekoa da. Elkarlanerako esparru bat izango da birusaren ondorioz sortutako egoerari aurre egiteko”.

Izan ere, birusaren hedapenaren ondorioz, Bizkaiko Batzar Nagusiek bertan behera utzi dituzte martxoko batzorde eta Osoko Bilkura. Horren aurrean EH Bilduk elkarlanerako espazio bat abian jartzea eskatzen du.

“Iraskunde, Gobernamedu on eta Gardentasunerako batzordea espazio egokiena izan daiteke lan hori egiteko. Astean behin deitzea proposatzen dugu, egokiena den formatuan guztion osasuna bermatzeko”, adierazi du Ilardiak.

Esparru horretan krisiaren jarraipen lana egitea posible izango litzateke, hiru helburu zehatz lortzeko:

- Krisi soziosanitarioaren jarraipena egitea lurralde historikoan, Foru Gobernuaren kudeaketaren asteroko informazioa jasoz eta kudeaketa neurrien ebaluazioa eginez.

- Krisi soziosanitarioa geldiarazteko eta ondorioak arintzeko, betiere Aldundiaren eskumenen esparruan, ekimen berriak aurkezteko espazioa izango litzateke.

- Adostasunerako eta elkarlanerako esparru bezala egituratuko den espazioa izango litzateke, eta ez konfrontazio politikorako espazio bezala.