Bizkaia

Albisteak

Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko eta sektore kaltetuenak babesteko neurri ekonomiko, sozial eta fiskalak aurkeztu ditu EH Bildu Bizkaiak


Aldundiari aurkeztutako neurrien artean enpresei laguntzak eta pertsona zaurgarrien beharrizanak babesteko proposamenak daude

| 2020-03-19 12:30:00

EH Bilduk hainbat proposamen aurkeztu dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari koronabirusaren krisiari aurre egiteko. Helburua krisi soziosanitarioak kaltetutako gizarte sektoreak babestea da.

Pertsona zaurgarrien babesa

Hasteko, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari ura izateko giza eskubidea eta familia zaurgarriei doako ur-hornidura bermatzea eskatu du EH Bilduk.

Pertsona zaurgarrien egoerarekin lotuta ere, Bizkaia Gara sarea tokiko eta sasoiko produktuen bidez hornitzea planteatzen da, horretarako baserritarrekin harremanetan jarriz.

Horretaz gain, EH Bilduk Arreta Zuzeneko langileak zerbitzu guztietan indartzea (etxez-etxeko zerbitzua, egoitzak, etxeak, pisuak…) eskatu du, langile horiek babesteko ekipamenduak bermatuz (batak, betaurrekoak, maskara, erabilera bakarreko eskularruak…).

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat larrialdietako plazak handitzea ere eskatu da.

Neurri ekonomikoak

Arlo ekonomikoan, EH Bilduk enpresa txiki eta ertainei laguntza eta finantzazio lerro bereziak eskaintzea proposatu du. Horrela krisiak gogorren eragindako negozioetan (ostalaritza, tailerrak, landa-turismoa, turismo operadore txikiak…) kaltea gutxitzea bilatzen da. Laguntza ekonomiko lerro berezi hori kulturgintzaren esparruan ari direnen kalte ekonomikoak arintzeko ere erabiliko da.

Horretaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta bere organismo autonomoen azpikontratei %100 ordaindu lanik egin ez arren, betiere enplegu guztiari ohiko baldintzetan eusteko konpromisoarekin.

Arlo fiskalean EH Bilduk eskatu du errenta kanpaina atzeratzea, Gipuzkoan eta Araban egin den moduan eta mugikortasunarekin lotuta EGAren koordinazio mahaia eratuta dagoela ikusita, bertatik Batzar Nagusietako taldeei, enpresa emakidunei eta enpresa horietako langileei zuzeneko informazioa jasotzeko kanalak ahalbidetzea eskatu da.