Bizkaia

Albisteak

Jokoaren sektoreari zergen ordainketa urrira arte atzeratuz Aldundiak negozio horiei emandako mesede tratua salatu du EH Bilduk


Neurri hori hartzen duten bitartean ez da gauza bera gertatzen beste sektore batzuekin lotutako negozioekin ezta familiek ordaindu beharreko zergekin

| 2020-03-23 08:28:00

EH Bilduk gogor salatu du Aldundiak joko-enpresariei emandako mesede tratua haien zergen ordaintzea urrira arte atzeratzean.

Aldundiak koronabirusak eragindako salbuespeneko neurri horren arabera, “makina edo aparatu automatikoen ustiapen bidezko jokoaren gaineko zergaren autolikidazioen, eta dagokion errekarguaren, zenbatekoaren kontuko zordunketa, 2020ko lehen hiruhilekoari dagokionez, 2020ko urriaren 25 arte” atzeratzen da.

Arantza Urkaregi batzarkideak azpimarratu duen bezala “joku-enpresariei emandako mesede tratu argi baten aurrean gaude. Beste hainbat enpresa ertain eta txiki eta autonomoei ematen ez zaien mesede tratua da Aldundiak onartutako neurria. Kezkagarria da horrelako negozioei emandako pribilejioak”.

Gogoratu behar da enpresa txiki eta autonomoak, asko jota, ekainaren 1era arte atzeratu dezaketela zergen ordainketa, joku-enpresekin gertatzen ez dena.

“Mesederik handiena nori egiten dio Aldundiak? Makina edo aparatu automatikoen ustiapen bidezko jokoak bultzatzen dituztenei. Ulertezina eta onartezina da”, adierazi du Urkaregik.

EH Bilduren proposamena, enpresari txiki eta ertainei eta herritarrei zuzendutako neurriak

EH Bilduk onartzen du salbuespenezko egoera batean gaudela eta neurri bereziak hartzea beharrezkoa dela.

Hori dela eta, beste hainbat neurrirekin batera, herritarren eta enpresari txiki, ertain eta autonomoen aldekoak proposatu ditu EH Bilduk. Horien artean aipagarrienak errenta kanpaina luzatzea edo atzeratzea eta enpresari txiki eta autonomoei zerga atzeratzeko aukera bermatzea.