Bizkaia

Albisteak

Ilardia: “Bizkaian enplegu duina ezohikoa ez izatea nahi dugu eta Aldundia norabide horretan jarriko dugu lanean”

EH Bilduren ahaldungai nagusiak Diputazioa enplegu duinaren aldeko eragile aktibo bihurtzeko helburua du. Maddalen Iriarte ohartarazi du autogobernurik eta burujabetzarik gabe ezinezkoa izango dela euskal gizartearen eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzea.

| 2019-05-12 18:15:00

Bea Ilardiak enplegu duina sortzeko beharrarekin EH Bilduk duen kezka eta konpromisoa berretsi ditu gaur goizean Arrigorriagan eta agindu du EH Bilduren eskutik Bizkaiko Foru Aldundia eragile aktiboa izango dela soldata eta lan baldintza duinen alde eta lan prekarietatearen kontra. Adierazi duenez, “Bizkaian enplegu duina ezohiko zerbait ez izatea nahi dugu, herrialde duin batean bizi nahi dugu, bizkaitar guztiek bizitza duina duten Bizkaia bat nahi dugu, baina gaur egun ez da hori gertatzen dena. Guztiok ezagutzen dugu lana izanda ere hilaren bukaerara heltzen ez den jendea, lan baldintza onartezinetan lan egiten duen jendea, eta hori onartezina da”.

Enplegu duina bermatzeko helburua egingarria dela nabarmendu du EH Bilduren ahaldungai nagusiak, Bizkaia hobe bat ere posible den modu berean, “herrialde honek potentziala eta baliabide ekonomikoak dituelako hemen bizi diren pertsona guztiak duintasunez bizi daitezen”. Hori da hain justu EH Bilduk bere buruari jarri dion erronka, eta horretarako “Europako herri aurreratuenetara begira jarri behar gara; hori izan behar da gure erreferentzia ongizatea hobetzerakoan urratsak emateko”.

Maddalen Iriarte: Hemen erabaki pentsio duinak edukitzeko

Arrigorriagan, Bea Ilardiarekin batera, Gasteizko Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriartek ere hartu du hitza, autogobernu eta burujabetza maila handiagoen beharra aldarrikatzeko. Bestela, ohartarazi du, egunerokoan ez da posible izango euskal gizartearen eskubide sozial eta politikoak. “Begira, pentsio duinak, lan baldintza duinak eta argindarraren tarifa arrazoizko bat nahi baditugu, erizain eta mediku gehiago kontratatu nahi badugu, politika industrial, zientifiko eta kultural aurreratuak nahi baditugu… hori guztia egin ahal izango dugu erabakiak hemen hartzen baditugu bakarrik, Madrili baimena eskatzen ibili behar izan gabe, libre eta burujabeak baldin bagara soilik. Eta burujabeak ez bagara, ezin izango dugu hori guztia egin. Beraz, ez diegu kasurik egin behar autogobernuaz eta burujabetzaz ez hitz egiteko eskatzen digutenei, burujabetzarik gabe bigarren mailako herria izaten jarraituko dugulako”.

Ildo horri jarraituz, Iriartek funtsezkotzat jo du EH Bilduren ahotsa Europar Parlamentura eramatea. “Gehiengo demokratiko bat osatzen hasiak gara, Europan gehiago izateko, Europan gure izaera aldarrikatzeko, Europako estatu bat izan nahi dugula esateko. Europa beste era batera eraiki nahi dugula aldarrikatzeko”.