Bizkaia

Albisteak

Errenta irregularen inguruko foru araua ezer gutxi aldatzen duela salatu du EH Bilduk


Dekretuaren bidez ezin zutena egin orain Foru Arauaren bidez egin nahi dutela salatu du Arantza Urkaregi batzarkideak

| 2020-01-23 14:15:00

Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkideak adierazi du errenta irregularrei eragiten dion foru arauak egoera ezer gutxi aldatzen duela adierazi du.

EH Bilduk eskatutako Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuaren agerraldiaren ondoren, Urkaregik aipatu du “edukia berbera dela. Aurkeztutako aldaketekin egin duten gauza bakarra da errenta irregularrak beste modu batera definitzea. Lehen errenta irregularrak zirenak orain erregimen berezi bezala definitzen dituzte. 300.000 euroko muga kentzeari eta inbertsio-funtsen bitartez lortutako etekinei dagozkien artikuluak kendu dituzte eta Foru Arauaren artikulu bezala aurkeztudituzte”.

Urkaregik azpimarratu duenez, “berriz ere gehien daukatenei mesede egiten dien neurri fiskal atzerakoi bat planteatzen dute. Eta, berriz ere, PSEk EAJk proposatutako neurri atzerakoi bat onartzen du, zerga-sistema progresibo baten alde egin beharrean”.

Horretaz gain, EH Bilduko batzarkideak gogoratu du ekintzailetza eta ehun enpresariala erakartzeko bidea ez dela inbertsio-funtsen alde egitea. “Inbertsio-funtsen helburua diru gehien ateratzea da eta hori lortzean alde egitea. Orain dela gutxi Euskaltelekin argi ikusi dugu zein den inbertsio-funts hauen portaera”.