Bizkaia

Albisteak

EH Bilduk ez du parte hartu Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordeen mahaien eraketan EAJk eta PSEk presidentzia guztiak hartu dituztela salatzeko

| 2019-07-22 11:40:00

EAJ eta PSEk Batzar Nagusietako batzordeetako mahaien eraketan kargu guztiak hartu dituzte gaur goizean ospatu diren batzordeetan. Honela oposizioari batzorde horietan kudeaketa aukera guztiak ukatu zaizkio. Diputatuen fiskalizazio eta kontrolerako tresna EAJ-PSEren eskuetan geratu da botere zirkulua itxiz.


Duela lau urte bi alderdi hauek inposaketa hau apaindu nahi izan zuten EH Bilduko kideei idazkaritzetarako bozkatuz aldebakarreko erabaki baten bitartez, inolako aurre akordio eta elkarrizketarik gabe. Kasu honetan EAJ eta PSEk ez dute ezta keinu hori ere egin Bizkaiko pluraltasun eta aniztasun politikoa bermatzeari uko egin diote. Horrez gain EH Bilduk salatu nahi izan du batzorde batzuetako mahaiak gizonekin bakarrik osatu direla, berdintasun parametroak bete Gabe geratu direlarik, are gehiago kontutan hartuta Batzar Nagusiek berdintasun plana daukatela jakinda.

“Aurreko astean EAJ eta PSEri aurreratu genien bezala, batzordeen presidentzietako banaketa modu proportzionalean egitea zen EH Bilduren proposamena. Gure jarrera irekia izan da edozein elkarrizketa eta gaiaren inguruko edozein trukaketa egiteko, baina,gobernuan dauden alderdiek, alegia EAJk eta PSEk kargu guztiak, arrabola erabiliz, euren artean banatzea erabaki dute eta gu ez gaude ados horrekin. Gure lanetako bat aldundiaren gobernuaren jarduna kontrolatzea da eta nekez kontrolatu daiteke batzordeetatik, baldin eta mahaiko kargu guztiak partidu horien eskuetan baldin badaude. Arraro egiten zaigu hau gertatzea Bizkaian; Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan batzordeak modu proportzionalean banatzen direnean. Harriduraz ikusten dugu egoera hau eta ez gaude prest horrelako jarrerak onartzeko. EH Bildu lurralde honetako bigarren indarra da eta Bizkaiko aniztasuna ez dela bermatzen. Oposizioko taldeak baztertuz legegintzaldiari hasiera eskasa ematen diozue. Zentzu horretan EH Bilduk ez du parte hartu bozketetan” adierazi du Bea Ilardia batzarkide taldeko bozeramaileak.