Bizkaia

Albisteak

Bideguren: “Espainiako Estatutik datozen injustiziei erantzuteko, ahots indartsua behar dugu euskal emakumeok Madrilen”


Bizkaiko hautagaiak agerraldia egin du Bilbon EH Bilduko hainbat emakumerekin batera

| 2019-11-04 14:24:00

Gaur Idurre Bideguren Kongresurako Bizkaiko hautagaiak EH Bilduko beste hainbat emakumerekin batera agerraldia egin du Bilboko Areatzan. Beran asteburuko Emakume Jardunaldi Feministak “une historiko” bat bezala definitu eta Madrilen ahots indartsu bat izatearen garrantzia azpimarratu du.

“Argi esan nahi dut justiziarik ez datorrela Espainiako Estatutik euskal emakumeontzat. Justizia deitzen diote injustiziari. Iruñeko bortxaketaren aurrean izan zen epai iraingarria da horren adibide nagusiena. Euskal emakume feministok ordezkatuko gaituen ahots indartsua behar dugu Madrilen, injustizien aurrean, justizia aldarrikatuko duena; inboluzioaren aurrean, demokrazia eskatuko duena; askatasuna, errepresio politikoaren aurrean; duintasuna, murrizketa sozialen eta ekonomikoen aurrean”, adierazi du Bidegurenek.

Horretaz gain, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Bidegurenek. “Madrilen elkarrekin aritu behar gara indar politiko aurrerakoiak eta subiranistak, entzun gaitzaten, Euskal Herriko herritar ororen eskubide guztiak defendatzeko. Mugimendu feministak egindako enplazamenduak jaso eta hemen ere politika feministak landu ahal izateko, eta horien bitartez bizitza duinak eta biolentziarik gabekoak bermatu ahal izateko, Euskal Herria libre eta justu batean”.