AKTUALITATEA


| 2019-05-10 15:37:00

EH Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusigaiak herrialdeak dituen baliabideak hobeto erabiltzearen aldeko apustu egin du, Bizkaiak sekulako potentziala duen arren, milaka pertsonak ez dutelako duintasunez bizitzea bermaturik.

Bea Ilardiak anbizio osoz ekin dio hauteskunde kanpainari. EH Bilduren Bizkaiko ahaldungai nagusia Portugaleten, Bizkaiko Zubiaren azpian, izan da gaur goizean, eta bertan koalizioak duen anbizioan oinarritutako diskurtsoa egin du, “Bizkaia hobe bat posible dela guztiz sinetsita”. Hala, herrialdeak dituen baliabide handiak hobeto erabiltzearen aldeko apustu sendoa egin du “interes orokorrari erantzun diezaioten, eta ez gutzi batzuen interesei”, hori baita bidea Bizkaiak aurrera egiteko eta herritar guztien bizi kalitatea hobetzeko. Hori da hain justu EH Bilduk hauteskunde hauetan duen erronka eta helburu nagusia, Bizkaiak potentzial handia duen arren, oraindik milaka herritarrek arazo ekonomiko eta sozial larriak dituztelako. “Argi dugu urratsak eman behar ditugula bizkaitarron bizi kalitatea hobetzeko”. Ilardiaren esanetan, “leku pribilegiatu batean bizi gara, Bizkaiak izan badituelako bertan bizi diren pertsona guztiei bizitza duina eskaintzeko potentziala eta baliabideak, baina, hala ere, argi dago gaur egun gabezi larriak daudela eta, beraz, planteamendu berriak behar ditugula, jende askok ez duelako duintasunez bizitzea bermaturik”.

Horren haritik, hautagaiak salatu du “milaka bizkaitarrek, lana edukita ere, sekulako arazoak dituztela hilaren bukaerara heltzeko”. Izan ere, azaldu du, “kontratu laburretan oinarritzen den lan merkatu batez ari gara, eta horrela ezinezkoa da bizi proiektu bat aurrera eramatea”.

Bizkaian arazo larri askok konpontzeke jarraitzen dutela ikusirik, Ilardiak Aldundia anbizioz gobernatzeko erronka ipini dio bere buruari, gaurko konformismoa bazter utzita. “EH Bildun argi dugu ez garela konformatu behar Bizkaia txarrenen artean onena izatearekin; zerbitzu sozialei, lan baldintzei edota bizi kalitateari buruz berba egiten dugunean gure ispilua Europako herri aurreratuenak dira. Bizkaia Kantauriko Danimarka izatea nahi dugu, baliabideen erabilera egoki batek guztiok Bizkaia hobe batean bizitzea ahalbidetuko duelako”.