Araba

ARDURA KOLEKTIBO ERAKUSTALDIA

Mikel Otero (EH Bildu Araba)

| 2020-03-19 13:11:00

Mercedeseko langileen plantea da, ez osasuna arriskuan jarrita kosta ahala kosta lantokietan ekoizpenari eutsi nahi diotenen marmarra. Nekeari gailenduz onena ematen ari diren Osakidetzako langileen ahalegina da, ez inposatutako errege baten hitz ahituak. Milaka lagunek sare herritarretan parte-hartzeko egin duten urratsa da, ez ibilgailu militarren noraez galdua hirian barrena. Salbuespena ohiko bihurtu zaigun garai ilunotan, apartekoak distira egiten du. Irudimenaren, ausardiaren eta babesaren irudiak dira. Irtenbide komunitario baten elkartasuna islatzen dute, Araban eta Euskal Herri osoan, kanpotik ezarritako logika militarrari gailenduta.

 

Larrialdiak gertatzen direnean, eta COVID-19ak sortutakoa ez da nolanahikoa, beti dago norbait, neutraltasuna aitzakiatzat jarrita, bere ikuskera eta programa politikoa gailentzen saiatzen dena. Espainiar Estatuak Alarma Egoera ezartzearekin batera, “hau ez da mugen afera bat” esan zuen Portugal, Maroko eta Frantziar Estatuarekin mugak itxi baino bi egun lehenago. Noski muga afera dela tarteko, bestela zelan ulertu Hego Euskal Herrian konfinamenduan sartu izana Ipar Euskal Herrian hautestontziak irekitzen ziren egun berean? Zelan ulertu Gasteiz itxi ez izana ditxosozko birusa hedatzen ari zen bitartean? Osasun adituek esandakoa jarraituz egin omen da dena, nola ez. Kuriosoa da, ordea, nola adituek botere esparru bakoitzean ñabardura erabakigarriak izan dituzten, lekuko botere politiko-ekonomikoei egokituak beti ere.

 

Estatuaren ingurumarian ezarri dira neurriak, agintari autonomikoen (periferiko eta menpekoen) erabakien gainetik. Ez du inporta izan Kataluniak itxiera eskatu izana, ez du inporta izan EAEn osasun larrialdia abian egotea. Guztiontzat neurri berberak, brotxa lodia. Eta lengoaia eta logika militarra nagusi, “fronte sanitarioa” “birusari bataila” eta “azken garaipena” Sanchezen ahoan, baliabide sanitarioen eta elkarren zaintzaren ordez kanoiak baliagarriak balira bezala. Noski, hortik militarren hedatzearen erakustaldira pausu txiki bat besterik ez zegoen. Urteak daramatza estatuak bere larrialdietarako militarren unitatea (UME izenekoa) elikatzen, hornitzen, gertakari egokiaren zain. Aukera ikusi eta militarrak paseoan jarri, biak bat.

 

Esango nuke gasteiztar, arabar eta, oro har, euskal jendarteak baduela segurtasun baliabide nahikorik ezarri diren edo ezarri daitezkeen neurriak betearazteko. Are gehiago, esango nuke azpimarragarria dela gure jendarteak erakutsi duen heldutasuna, bai egoeraren larritasunaz jabetzerakoan, bai elkarren zaintza eta elkarlanerako erakutsitako grinarekin. Oso kontuan hartzekoa da egun gutxitan, soilik Gasteizen, 2.000 pertsonatik gorako zaintza sare herritarra sortu izana. Babes zibila ezarpen militarraren aurretik. Instituzio, eragile eta herritarren ekimenak osagarri, kooperazioa eta koordinazioa oinarri. Ez da onargarria Araban, eta bereziki Gasteizen, baliabide sozio-sanitarioak behar direnean, Estatutik bidalitako lehen baliabidea, militarrak izatea.

 

Dena den, kezkak bere horretan dirau. Araban, eta bereziki Gasteizen, egoera konplikatua da. Osasungintza sistema bere mugetan dago gaur-gaurkoz. Osakidetzatik kontingentzia planak izan badituela jakitun, EH Bilduk Arabari begira bi proposamen zehatz helarazi nahi dizkio Jaurlaritzari.

 

Lehenik, Gasteizko Ospitale pribatuak bere osotasunean Osasun Publikoaren mesedetan jartzea segituan. Momentuz, behintzat, Covid-19arekin zer ikusia ez duten bestelako gaixotasun eta larrialdiak tratatzeko. Jaurlaritzak badu horretarako eskumena, eta ahalik eta azkarren hartu behar da neurri hori

 

Bigarrenik, eta ikusirik osasungintzaren baliabideak muga jotzen hasia dela, eraikitze fasean dagoen, eta urte bukaerarako irekitzea aurreikusita dagoen Zerbitzu Orokorretarako eraikinari dagokionez, urgentziazko plan bat osatzea bertan aurreikusita dagoen UCIa behintzat ahalik eta azkarren erabilgarri egon dadin. Ez dugu Txinan bezala ospitale bat 10 egunetan eraikiko, baina honezkero eraikita dagoen eraikin baten zati bat ahalik eta azkarren erabilgarri jartzeko gaitasuna erakutsi beharko genuke behintzat.

 

Gure aldetik Arabako gizartea zoriondu nahi dugu krisi honen aurrean erakusten ari den jarrera arduratsu eta eredugarriarengatik. Etengabe Arabako herritarrek agintariei aurre hartu diete birusaren zabalpena murrizteko neurriak hartzerakoan. Lehenik, Jaurlaritzatik inolako neurririk hartu aurretik, tabernari, ostalari eta dendari askok euren negozioak itxi zituzten arriskua ekidite aldera. Bigarrenik, konfinamendu neurriak oraindik ere ezarri gabe zeudenean, elkartasuna eta zaintzak erdigunean jarriz, milaka eta milaka herritar zaintza sareetan antolatu dira herrialde osoan zehar, egoera ahulenean daudenei babes komunitarioa ematearren. Eta, azkenik, ekonomia-produkzioa eta osasunaren arteko eztabaida aurreikusita, Arabar langileriak argi izan du lehen momentutik orain osasuna dela lehenetsi beharreko eremua eta norabide horretan eredugarriak izan dira Mercedes, Tubos Reunidos edota Aernnovako langileek emandako erakustaldiak enpresen itxiera lortzeko.

 

Bestetik, esker berezia eman nahi diegu momentu zail honetan gizartearen sostengu nagusi bilakatu diren profesional guztiei. Osasungintzan bere onena ematen ari diren mediku, erizain eta langile guztiei. Premiazkoak diren zerbitzuak bermatzeko esfortzu berezia egiten ari diren herritarrei, horniketa kateak sostengatzen ari direnei: elikagaiak, farmaziak, zerbitzu sozialak, garraioa…

 

Bere onena ematen ari diren lagun hauentzat guztientzat babes pertsonalerako tresnak baliatzea ezinbestekoa da, ezinbestekoa da beharrezkoak diren EPI guztiak lortzea, bereziki gaixotuekin egunerokoan kontaktuan dauden horientzat. Gizarte osoaren mesedetan lanean dauden horiek babesa behar dute, eta horrek instituzioentzat erabateko lehentasuna behar du izan.

 

Une honetan argi izan behar dugu osasuna, norbanakoarena eta guztiona, beste ezeren gainetik jarri beharrean gaudela, eta esfera produktibo-ekonomikoa krisia gainditzearen menpe utzi. Lehentasuna krisi sanitarioa gainditzea da, inor bazterrean utzi gabe, eta gero bai, gero helduko beharko diogu dudarik gabe etorriko diren kalte ekonomikoak gainditzeko neurriak zehazteari, beti ere “pertsonak lehendabizi” lelopean.

 

Amaitzeko, honen guztiaren ondoren eraiki beharko dugun etorkizunean, egunotan ikusitako ehunka ezohiko irudi horiek egin beharko ditugu geure normaltasun berriaren parte. Ospitaletan, arreta zerbitzuetan, lantokietan, eta, batez ere, etxean onena ematen ari direnen balioak bihur daitezela geure jendartearen iparorratza. Ardura kolektiboaren erakustaldi hau izan dadila eraiki nahi dugun geroaren hitzaurrea.

 

 

EH Bilduk zerbitzu sozialen arloan etxeko arretan ahaleginak areagotzea eskatu du COVID 19-en ondorioei aurre egiteko

EH Bildu Arabak 70 neurri aurkeztu ditu batez ere arlo sozialerako, indarkeria matxistarako, fiskalitatea eta garapen ekonomikorako.

| 2020-03-18 12:28:00

COVID 19ren ondorioei aurre egiteko asmoz, Arabako Foru Aldundiaren eskumenetik, EH Bilduk 70 neurri proposatu ditu gaur, arlo sozialean, fiskalitatean eta garapen ekonomikoan bereziki eragiten dutenak. Helburua da krisi sozio-sanitario honen konponbidean ekarpena egitea, alderdi politiko guztien eta erakunde desberdinen arteko lankidetzatik. "Atzo esan genuen bezala, adostasunerako eta elkarlanerako egitura bat sortu nahi dugu, eta ez konfrontazio politikorako, Arabako gizarte osoarentzat inoiz ikusi ez den une historiko batean partekatutako erantzukizunetik abiatuta. Horren ildotik, gaur publiko egin ditugun neurriak proposatu ditugu ", azaldu du Kike Fdez de Pinedo EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak.

 

EH Bilduk gaur planteatu dituen neurri gehienak gizarte-zerbitzuen arlokoak dira; izan ere, zaintzaren arloko krisi larria dugu une honetan. Mendekotasuna duten eta ezgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroak itxita, EH Bilduk etxez etxeko arreta-zerbitzuak modu irmoan indartzearen alde egin du: etxez etxeko laguntza-zerbitzua indartzea, etxez etxeko otordu-zerbitzua, oinarrizko gizarte-zerbitzuen zereginak areagotzea kalteberatasun-kasuak saihesteko eta arreta soziosanitarioa etxean ematea. Era berean, eguneko zentroen itxierak eragindako familiei laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoak eskuratzeko aukera ematearen alde egin du. Herritarren sare solidarioen agerpenaren aurrean, EH Bilduk dei egiten dio Arabako Foru Aldundiari haiekin elkarlanean aritzeko, "Herritarren eta erakundeen arteko elkartasunetik, auzolanetik eta lankidetzatik" oinarrizkoenak diren beharrei erantzun beharko zaielako. Nola ez,  EH Bilduk eskatu du egoitza pribatu guztietan ikuskaritzak areagotzea, protokoloak eta segurtasun-neurriak betetzen direla zaintzeko.

 

 

Arlo sozialarekin jarraituz, EH Bilduk langile guztiei segurtasunezko ekipoak bermatzea eskatu du; bait berehalako lan-baja diagnostikatutako pertsonekin harremanetan dauden langileentzat, eta telelana eta lan-kontziliazioa erraztea GOFEko langile guztientzat ere. Azkenik, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako eta egoera ahulenean dauden pertsonentzako plaza kopurua handitzea eskatu du, arreta berezia jarriz kalean eta bazterketan bizi direnentzat. Era berean, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko telefonoa zabaltzeko kanpaina berezi bat egitea planteatu du. "Gaian adituak diren pertsonek dagoeneko ohartarazi dute indarkeria matxistaren kasuetan hazkunde esponentziala izateko arriskua dagoela, eta, beraz, emakume horiek artatzeko ahaleginak areagotu behar ditugu", azaldu du Fdez de Pinedok.

 

Ixteek eragindako enpresei zergak eta zuzeneko laguntzak ordaintzea malgutzea

 

Zerga politikari dagokionez, Diputatuen Kontseiluak iragarritako neurrietan sakontzea planteatu du EH Bilduk batez ere errentaren, autonomoen kuoten eta BEZaren edo sozietateen gaineko zergaren ordainketak malgutzeko. Zentzu horretan, EH Bilduk Foru Gobernuak onartutako premiazko zerga dekretua aztertuko du eta bide horretan sakontzen badu babestuko du ostiralerako iragarri den batzordean. Baina krisi honen ondorio ekonomikoak denboran luzatuko direnez, pisuen alokairuen prezioa mugatzea ahalbidetuko duen foru arau bat izateko beharra nabarmendu du Fdez de Pinedok.

 

Garapen ekonomikoari dagokionez, EH Bilduk eskatzen du zerbitzuaren% 100 ordaintzea, nahiz eta ez eman, betiere enpresek konpromisoa hartzen badute langileek ez dutela krisiaren ondoriorik pairatuko. Azpikontratazio-kasu horietan, segurtasun-araudiak betetzen direla zainduko da, telelana egitea gomendatuko da, edo, zuzenean, oinarrizkoak ez diren zerbitzuak ez ematea iradokiko da.

 

Itxieraren ondorioak arintze aldera, hainbat sektoretan (turismoa, merkataritza, ostalaritza, akademiak …) finantzaketa-lerro berriak eta laguntzak sortzea proposatu du EH Bilduk, batez ere enpresa txiki eta ertainei zuzenduta. Azkenik, Forondako aireportuko bidaiarien hegaldiak bertan behera uztea beharrezkoa dela uste du EH Bilduk, osasun arloko kuarentena amaitu arte.

 

Lehen sektorerako, kulturarako, mugikortasunerako, kirolerako eta funtzio publikorako beste neurri eta proposamen batzuk ere jasotzen dira gaur publiko egin den agirian. "Gure ustez, salbuespeneko egoera horrek modu positiboan ekarpenak egitera behartzen gaitu, eta arreta berezia eskaini behar diegu sektore ahulenei, hau da, gizarte-zerbitzuen erabiltzaileei", nabarmendu du Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak.

ALBISTEAK

EH Bildu-k Arabako upategi familiarrak babestuko dituen eredu bat garatzeko edozein ahaleginen aurrean Errioxako Kontseilu Arautzaileak duen itxikeria salatu du.

2020-07-30 09:44:00

Arabako ekoizpen-eredu koherentea eta familiarra babesten duen ekimen eta alternatiba oro babestuko du EH Bildu-k, Errioxa jatorri-deituraren barruan edo kanpoan.

EH Bildu-k Arratzua-Ubarrundiako Udalari eskatu dio Iberdrolari eska diezaiola linea elektriko berria osorik lurperatzea

2020-07-28 21:13:00

Arantza Arranz: "Eusko Jaurlaritzaren erabakiak ingurumenean eragin larriak dituen aireko zati bat mantentzea proposatzen du, nahiz eta tarte hori lurperatzeko aukera ere badagoen. Azken aukera horrek hobekuntza estetikoak dakartza paisaia naturalean, segurtasun handiagoa herritarrentzat eta ingurunearentzat, baita mantentze lana hobetzea ere".

EH Bildu-k Aldundiaren izaera "deshumanizatzailea" salatu du, egoitzetako bisitak mugatzeko edo eguneko zentro publikoak ixteko hartu duen erabakiaren aurrean

2020-07-24 08:52:00

Claudia Venceslao: “Jakina, segurtasun- eta osasun-neurrien alde egiten dugu, baina ez gizarte-baliabideen deshumanizazioaren kontura, hain ahulak diren pertsonak eta adinekoak artatzen baitituzte".

EH Bildu-k, Ahal Dugu-Podemos-ek, Ezker Anitza-IU-k eta Equo-Berdeak-ek egia, memoria, justizia eta erreparazioa eskatuko dute frankismoko biktimentzako uztailaren 18an

2020-07-16 11:40:00

Estatu kolpearen 84. urteurrenarekin bat eginez, omenaldia eta elkarretaratzea antolatu dituzte.