Araba

Urkabustaizko Udalak babesik gabeko familiei laguntzeko partida aktibatu du COVID-19aren ondorio ekonomikoei aurre egiteko

Beharrak dituzten pertsonei laguntzeko sortu den herritarren sarearekin lankidetzan ari da Udala

| 2020-03-31 11:14:00

Urkabustaizko Udalak babesik gabeko familiei laguntzeko diru saila aktibatu du, Coronavirusak sortutako osasun pandemiaren ondorioz udalerrian gertatu diren zaurgarritasun kasuei aurre egiteko. Hala eskatu dute Gorbeialdeko Kuadrillako gizarte-zerbitzuek; azken horiek modu telematikoan lan egiten baitute alarma-egoera deklaratu zutenetik.

 

3.000 euroko partida da, baina behar izanez gero, handitu daiteke. Duela hiru urte sortu zen, eta ez da beti erabiltzen. "Bestelako laguntzak eskuratzeko aukerarik ez duten eta muturreko behar egoera duten pertsonei erantzun arina eman nahi diegu, beti ere gizarte langilearen iradokizun eta txostenei jarraituz", azaldu du Xabi Alavarez de Arcaya Urkabustaizko alkateak.

 

Bestalde, Urkabustaizko Udalak lankidetza estua du beharra duten pertsonentzako laguntzeko udalerrian sortu den herritarren sarearekin. Alvarez de Arcayak azaldu duenez, whatsapp talde bat sortu da, eta bertan, saltokien bidez, adineko pertsonei edo mugikortasun arazoak dituztenei erosketak egiten laguntzen zaie. Murgian dagoen Eguneko Arretarako Landa Zentroko sei erabiltzaileei bereziki eskaintzen zaie, zentro horrek ateak itxi zituen eta.

 

Gainerakoan, Urkabustaizek modu telematikoan edo telefonoz artatzen ditu bertako bizilagunak martxoaren hamahiruaz geroztik. Gainera, bere instalazioak itxita mantentzen ditu, hala nola Kultur Etxea, Jubilatuen lokala edota frontoia.

 

Urkabustaizko baserritar askok etxe ondoan edo mendian abereak dituztenez, Urkabustaizko Udaletik gogorarazi dute Aldundiak ematen duen animalien erregistroa, kartilla berdea edo abeltzain txartela eraman behar dela beti. Animaliak zaintzeko autoz edo traktorez joan behar izanez gero, pertsona bakarra joan daiteke, eta ezin dela egon behar baino denbora gehiago.

 

Azkenik, Urkabustaizko alkateak herritarrei gogorarazi die etxean egon behar dela, eta dei egin die auzokideei adineko pertsonak bereziki zaintzera, koronabirusaren aurrean ahulenak baitira.

 

EH Bildu-k erresidentzia pribatuen eskua hartze eta kontrol zuzena Aldundiaren esku gera dadin azpimarratu du

Plantillak indartzeko beharra ikusita, EH Bildu-k beren espezialitateko azken ikasturtea egiten ari diren pertsonak gizarte-zerbitzuetan sartu ahal izatea proposatu du, Erizaintzako eta Medikuntzako ikasleekin egin den bezala.

| 2020-03-31 09:32:00

EH Bilduk erresidentzia pribatuen esku hartzea eta kontrol zuzena lehenbailehen hartzeko eskatu dio berriro Arabako Foru Aldundiari. Gainera, duela astebete bezala, batzarkide taldeak berretsi du garrantzitsua dela COVID19-aren testa 48 ordu baino gutxiagoan egitea baliabide sozial, publiko eta pribatuetako langile guztiei, lehentasuna emanez adineko pertsonei eta ezintasunen bat duten pertsonak edo patologia anizkoitzak dituzten pertsonak artatzen dituzten zentroei.

Arabako Batzar Nagusietan baliabide sozialen plantilak babesteko eta indartzeko egindako proposamenen barruan egin ditu eskaera horiek EH Bildu-k. Proposamen horien artean daude, besteak beste, langileen positiboak eta bajak handitzeko aurreikuspena egitea, gizarte-zerbitzuak arreta gabe gera ez daitezen berrantolaketa-planak diseinatzea, gizarte-baliabideetako langile guztiek NBE egokiak eta nahikoak dituztela bermatzea edo "baimen berezia" ematea gaur egun Gizarte Langintzako, Gizarte Hezkuntzako, Gizarte Integrazioko, Laguntzaile Soziosanitarioko eta Sukaldaritzako azken ikasturtean dauden pertsonei. Eta aisialdiko begiraleek, berriz, beren jardueretara egokitzen diren gizarte-baliabideetan lan egin ahal izango dute.

Prentsa ohar baten bidez, EH Bildu-k adierazi du proposamen horiek aurkezten dituztela alde batetik, beren lanpostuetan jarraitzen duten jarduneko langileak babestu ahal izateko, eta, bestetik, langileen lan-bajek eragindako baliabideen plantillak indartzeko.

"Egungo gizarte eta osasun krisiak gure gizarteko sektore ahulenetan eta artatzen dituzten gizarte baliabide ezberdinetan jarri du arreta", salatu du Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu-ko Batzar Nagusietako bozeramaileak. "'Lan sozialak', bere termino zabalenean, bere garrantzi handia utzi du agerian, pertsona orok izan beharko lukeen zuzentasun sozialean eta duintasunean oinarritutako gizarte justuago bat lortzeko".

Horregatik, Fernandez de Pinedoren arabera, Foru Erakundeak lehentasuna eman behar die langile guztiei une hauetan bereziki.

Zenbat langile izan dira kutsatuak?

Bestalde, EH Bildu-k informazio-eskaera bat erregistratu du Gizarte politiketako Foru Diputatuari zuzenduta, Saileko baliabideetako zenbat langile kutsatu diren, berrogeialdian dauden edo COVID19 zerbitzuak Alarmako Estatuaren hasieratik gaur arte bajan dauden jakiteko.

Amaitzeko, eskaera berean, EH Bildu-k adierazi du "ezinbestekoa" dela informazio hori egunero ematea, egoitza publiko zein pribatuei dagokienez.

ALBISTEAK

EH Bildu-k Arabako upategi familiarrak babestuko dituen eredu bat garatzeko edozein ahaleginen aurrean Errioxako Kontseilu Arautzaileak duen itxikeria salatu du.

2020-07-30 09:44:00

Arabako ekoizpen-eredu koherentea eta familiarra babesten duen ekimen eta alternatiba oro babestuko du EH Bildu-k, Errioxa jatorri-deituraren barruan edo kanpoan.

EH Bildu-k Arratzua-Ubarrundiako Udalari eskatu dio Iberdrolari eska diezaiola linea elektriko berria osorik lurperatzea

2020-07-28 21:13:00

Arantza Arranz: "Eusko Jaurlaritzaren erabakiak ingurumenean eragin larriak dituen aireko zati bat mantentzea proposatzen du, nahiz eta tarte hori lurperatzeko aukera ere badagoen. Azken aukera horrek hobekuntza estetikoak dakartza paisaia naturalean, segurtasun handiagoa herritarrentzat eta ingurunearentzat, baita mantentze lana hobetzea ere".

EH Bildu-k Aldundiaren izaera "deshumanizatzailea" salatu du, egoitzetako bisitak mugatzeko edo eguneko zentro publikoak ixteko hartu duen erabakiaren aurrean

2020-07-24 08:52:00

Claudia Venceslao: “Jakina, segurtasun- eta osasun-neurrien alde egiten dugu, baina ez gizarte-baliabideen deshumanizazioaren kontura, hain ahulak diren pertsonak eta adinekoak artatzen baitituzte".

EH Bildu-k, Ahal Dugu-Podemos-ek, Ezker Anitza-IU-k eta Equo-Berdeak-ek egia, memoria, justizia eta erreparazioa eskatuko dute frankismoko biktimentzako uztailaren 18an

2020-07-16 11:40:00

Estatu kolpearen 84. urteurrenarekin bat eginez, omenaldia eta elkarretaratzea antolatu dituzte.