Araba

Arabako Foru Gobernuak lehen 100 egunak hutsean pasa dituela salatu du EH Bilduk

“Bizikleta estatikoan egoteaz gain, pedalei eragin gabe dago Gobernua”, gaitzetsi du Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak.

| 2019-10-07 12:25:00

Ramiro Gonzalezen gobernuaren lehen 100 egunak “hutsean” pasa dituela salatu du Arabako Batzar Nagusietako EH Bildu taldeko Kike Fdez de Pinedok.

EH Bilduren esanetan, politika eraginkorra izan beharrean, moteltasuna eta geldotasuna izan dira Gobernu honen ezaugarri nagusiak. “Bizkleta estatikoan egoteaz gain, pedalei eragin gabe dago Gobernua”. Kontutan izan behar da Ramiro Gonzalezen izendapena eta inbestidura uztaila hasieran izan zirela eta hiru hilabete igaro direnean ez dugu oraindik gobernu planik ezagutzen. “Ez dugu ulertzen epeen luzamenduak, eta diputatuen agerraldiak urriaren 14ra arte luzatzea”, gaitzetsi du.

Bitartean, ordea, EAJ eta PSEren arteko akordioan argi geratu da lanpostu eta aulkien banaketak izan duela zentralitatea; edukiek, ordea, ez. Araban, behar eta erronka ugari egon arren, bultzatu eta iragarritako akordio bakarra “lotsagarri” gisa definitu du, aurreko astearteko lehen neurri politikoa ekarriz gogora zeinetan talde politikoei 650.000 euro gehiago ematea eta aholkulari kopurua igotzea adostu zuten PNVk, PSEk eta PPk. EH Bilduren ustez, akordio hau PPren onurarako izango da, popularrek aholkulari kopurua bikoiztu baitute. “Argi dago hor mesede egin zaiola PPri zerbaiten truke, izkutuko akordioaren itxurapean. Hau ez da behar dugun politika, hau politikeria hutsa da”.

Konpondu gabeko arazoak eta erronka ugari aurretik

“Eta bitartean, zer dakigu Gobernu programaren inguruan?”, galdetu du Fernandez de Pinedok. Arabak dituen premiazko erronketan aurrerapausurik ez dagoela ikusita, hiru lehentasun jarri ditu mahaiaren gainean EH Bilduk: klima aldaketa, zerbitzu sozialak eta fiskalitatea.

Klima aldaketaren larrialdia dela eta, “informaziorik eta proposamenik ez” duela salatu du Fernandez de Pinedok.

Zerbitzu sozialen beharrei dagokienez, arazo handiak gogoratu ditu: “Dakigun bakarra da adin gutxikoen atalean, kaxoi batean izan dutela Oviedoko Unibertsitaeak egindako txosten independientea. Izan ere, txosten honek Gobernuari koloreak ateratzen dizkio.  Agerian uzten du konpondu gabeko arazo larriak daudela, zerbitzuak gainezka daudela eta zerbitzuak berregituratu behar direla”.

Eta, fiskalitateari dagokionez, ez dago hau sakonki aldatzeko planik. Aldiz, Arabako Diputazioak egin zuen bakarra Bizkaiko Diputazioak iragarritako aldaketa -Atlheticeko jokalariei eta beste batzuei zuzenduta- aztertzea izan zen, beharrezkoa izatekotan gure herrialdean hau ere ezartzeko.

Azkenik, kezkatuta agertu da EH Bildu taldeko bozeramailea orain arte Gobernuak erakutsitako jarrerarekin. Salatu duenez, oztopoak jarri dizkio oposizioaren kontrol lanari, mahaian “erabaki partzail eta alderdikoiak” hartu dituztela argudiatuz: “Oso jarrera harroa erakutsi du, arrabol baten tankera funtzionatuz”.

Lagundu gabeko adingabe atzerritarren arreta hobetzeko interbentzio plan bat hiru hilabeteko epean egitea proposatu du EH Bilduk

Plan horrek plaza gehiago egitea aurreikusi behar du; baita baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago eskaintzea ere, esku-hartze integrala egiteko: formakuntza, hezkuntza, arreta psikologiko eta sanitarioa, dokumentazioaren tramitazioa

| 2019-09-20 11:32:00

Lagundu gabeko adingabe atzerritarren arreta hobetzeko interbentzio plan bat hiru hilabeteko epean egitea proposatu du EH Bilduk. Oviedoko Unibertsitateak egindako azterlana sakon aztertu ostean planteatu du txostenak orohar EH Bilduk antzeman dituen gabeziekin bat egiten duela. Izan ere, EH Bilduk eskatu zuen horrelako azterketa bat egitea 2017ko aurrekontuen akordioan. “Foru Gobernuak legealdi oso bat hutsean eman du eta hainbat hilabetetan gorde du azterlan hori kaxoi batean, gure ustez konponbideak jorratzeko unea heldu da gure lurraldean babesgabeko giza taldea delako”, esan du Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaile Kike Fdez de Pinedok.

 

Helburu horrekin, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du. Bertan, esku-hartze plan bat eskatzen du, inbertsio plan eta kronograma batekin datozen bi urteotan garatzeko. Plan horrek plaza gehiago egitea aurreikusi behar du; baita baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago eskaintzea ere, esku-hartze integrala egiteko: formakuntza, hezkuntza, arreta psikologiko eta sanitarioa, dokumentazioaren tramitazioa. EH Bilduko batzarkide Claudia Venceslaok zehaztu duenez, Instituzioaren akatsik larriena da giza talde homogeneo gisa hartzea. “Euren ezaugarri komun bakarra da kanpotik datozela, adin txikikoak direla eta bakarrik daudela. Hortik aurrera, euren egoera oso anitza eta konplikatua da, gosetik edota gerratik ihesean daudelako eta, askotan, tratu txarrak eta sexu-abusuak jasan dituztelako”, azaldu du.

 

Venceslaok adingabeentzako zerbitzuaren gabeziak zerrendatu ditu. Horien artean nabarmendu du zentroak gainezka daudela, emantzipazio prozesuak abiatzeko zentroetan plaza nahikorik ez dagoela edo interbentzio taldeek ez dutela formakuntza nahikorik. Era berean, azterlanak ondorioztatu du hasieran egiten den adinari buruzko ebaluazioa ez dela zuzena eta lehen arreta asko luzatzen dela denboran. “Lehen arretako zentroetan bost hilabete igarotzen dituzte eta bertan solik jana eta ohea eskaintzen dizkiete, interbentzio taldeak bere gain hartu ditu gaztelerazko eskolak, eurek ekoiztutako materialari esker. Hori onartezina da”, esan du Venceslaok.

 

Azkenik, EH Bilduk nabarmendu du txostenak mito batzuk agerian utzi dituela. Batetik, drogen kontsumoa ez dela oso ohikoa eta delitu-jokaera ez dagoela orokortuta. Hala ere, horietako batzuk Sansohetara bidaltzen dituzte eta bertan beharrei erantzuten ez dien zerbitzu batekin topo egiten dute, azpiegitura bera ez delako egokia eta plaza kopurua handiegia delako.

 

ALBISTEAK

Madrilgo Gobernuaren aurreikuspen ezagatik Garoñako hondakin erradioaktiboak bertan biltegiratuko direla hamarraldi luzeetan ohartarazi du EH Bilduk

2019-10-10 12:24:00

Eraispena 2032ra arte luzatuko da eta denboraldiko biltegiak 5 edukiontzi izan beharrean 49 izango ditu

Araban legealdiaren amaieran EH Bilduk eskatutako garapen lankidetzarako aurrekontuaren %0,7ko helburua betetzeko igoera progresibo bat egotea eragotzi dute PNV-k, PSE-k eta PP-k

2019-10-09 13:02:00

Gainera, EH Bilduk larrialdi klimatikoaren inguruko mozioa babestu du. “Konpromisoak badaude, alboan egongo gara. Greenwashing huts batean geratzen bada, ez”, esan du Kike Fernandez de Pinedok.

Arabako lehen sektorea babestuko duen eredu bat aldarrikatu du gaur EH Bilduk Aguraingo azokan

2019-10-08 12:01:00

Iñaki Ruiz de Pinedo: “Lehen sektorean lan egiten dutenentzako lan baldintza duinak bermatu behar ditu, elikagai osasuntsuak eta kalitatezkoak ekoiztu behar ditu eta lurralde kohesionatua mantentzen lagundu behar du”

Arabako Foru Gobernuak lehen 100 egunak hutsean pasa dituela salatu du EH Bilduk

2019-10-07 12:25:00

“Bizikleta estatikoan egoteaz gain, pedalei eragin gabe dago Gobernua”, gaitzetsi du Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak.