AKTUALITATEA


| 2020-01-09 11:42:00

Urkabustaizek argi berdea eman die 2020rako udal kontuei. Atzo, 1,3 milioi euroko aurrekontua onartu zuten osoko bilkuran, eta egitasmoak EH Bilduren aldeko botoa eta EAJko ordezkarien abstentzioa jaso zituen. Onartutako diru sailen artean nabarmentzekoa da bost aldiz biderkatuko dela ingurumen jardueretara eta eraginkortasun energetikora bideratutako dirua. Partida hori 3.500 eurotik 17.000 eurora pasako da, eta, besteak beste, prestakuntza ikastaroekin eta tailerrekin baratze ekologikoen proiektu bat bultzatzeko balioko du. Horrez gain, Izarrako plazako argiteria publikoa LED bihurtzeko aldaketa egingo da. Partida horretan bertan, konposta egiteko proiektuak martxan jartzea eta frontoiaren eraginkortasun energetikoa hobetzea ere planteatzen da.

Izarrako pilotalekua eraberritzea da, hain zuzen, Urkabustaizek legealdi honetan aurre egin nahi dion inbertsio handienetako bat. "Helburu horrekin, urte honetan zehar prozesu parte-hartzaile bat jarriko dugu martxan, etorkizuneko azpiegituraren beharrak zehaztuko dituena. Ondorio horietan oinarrituta, 2021ean aurreproiektua idatziko dugu, legealdia amaitu baino lehen obrak hasi ahal izateko ", zehaztu du Xabier Alvarez de Arcaya Urkabustaizko alkateak.

Euskararen sustapenerako, kultur jardueretarako eta Kultur Etxearen funtzionamendurako eta berdintasuna sustatzeko partidek ere gora egin dute era nabarmenean. Udal langileentzako gastuak ere gora egin du, Udalaren lanpostuen zerrenda (LPZ) aldatuko delako liburuzain postuaren lanaldia handitzeko eta 2016tik hutsik dagoen administrari lanpostua betetzeko.