AKTUALITATEA


| 2020-06-26 10:25:00

Judimendi auzora hurbildu da gaur EH Bildu Araba eta ez da kasualitatea izan. Izan ere, 2016tik 2018 auzo honetan alokairuaren prezioa %11 igo da eta bataz bestekoa ia 600 eurokoa da. Gasteizen, 2019ko amaieran, 917 euro eskatzen ziren etxebizitza libre baten truke alokairuan, serie historikoan inoizko altuena izan zen. 2014-2019urteen artean, %25a igo da.

Agerikoa da, EH Bilduren aburuz, etxebizitza arloan, Gasteizen etxebizitza politika baten faltak alokairu prezioa etengabe garestitzea eragin duela. Alokairu librea arautzeko eta mugatzeko lege bat onartu behar da, eta horrekin batera parke publiko indartsua eratu behar da. Bitartean, Vitalquilerrek babes ofizialeko 500 etxebizitza Suediako inbertsio funts bati saldu dizkio.

“Urkulluk eta Mendiak onartzen duten babes ofizialeko etxebizitzen pribatizazioaren aurrean, horrelako funtsen boterea mugatzeko, kontrolatzeko eta eragina leuntzeko neurriak martxan jarriko ditugu. Zahartuta dugun etxebizitza parkea birgaitzeko apustu publiko irmoa egingo dugu. Arabari dagokionez, landa eremurako alokairua proposatzen du EH Bilduk, baita birgaitzeko politikak berezituak ere”, azaldu du Arabako zerrendaburua Mikel Oterok.

Egoera zaila, eta are zailagoa gazteentzako haiek pairatzen dutelako lehen pertsonan prekarietatea. “Horregatik, egoera zaila bada, Uztailaren 12an, euskal herritarrek bi aukeraren artean aukeratu beharko dute: prekarietatera kondenatzen gaituena eta herritar gehienei segurtasuna eta ziurtasunak ematen dizkiena. Merezi dugun herria eraikiko duen gobernua osatzeko konrpomisoa hartzen dugu”, gaineratu du.

Horretarako honako neurriak aurkeztu ditu: 33.000 lanpostu berri sortzeko eta arriskuan dauden 100.000 lanpostuei eusteko konpromisoa, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko konpromisoa, lan-erreforma ez aplikatzeko konpromisoa, 35 orduko lan-astea enplegua banatzeko….

“Ideiak ditugu, plan bat dugu. Borondate politikoa dugu prekarietatearekin amaitzeko, etxebizitza eta euskal herritarren eskubideak bermatzeko”, laburbildu du Oterok