AKTUALITATEA


| 2020-03-07 12:54:00

Mikel Otero EH Bildu-ko Arabako zerrendaburuaren hitzetan, "EAJ-ren eredua, herri hau paralisira eraman duen berbera, amaituta dago". Hori dela eta, Oterok agerian utzi duenez, "herri honek haize berria behar du berriz bere potentziala suspertzeko; herri honek haize berria behar XXI. mendeko erronkei anbizio, ekimen eta politika berrituekin heltzeko; herri honek haize berria behar du lurralde oreka zaindu eta arabarron beharrei, ere, arreta jartzeko. Eta haize berri hori EH Bildu-ren eskutik baino ez da etorriko”.

 

Guzti hau, apirilaren 5eko hauteskundeei begira egin den Arabako EH Bildu-ren zerrendaren aurkezpenean esan du Oterok. Harekin batera, zerrenda osatuko duten Eba Blanco, Josu Estarrona, Maria Garde, Unai Fdez de Betoño, Itxaso Etxebarria, Gorka Ortiz de Guinea, Irati Mendiguren, Ibon San Saturnino eta Maider Garcia de Vicuña izan dira. Haientzako eta beste askorentzako hitzak izan ditu Oterok, EH Bildu osatzen duten indarren ibilbidea eta legebiltzar taldeak azken legealdietan egin duen lana goraipatuz haren hitzaldian.

 

Era berean, EH Bildu "hazten eta batzen jarraitzen duen alternatiba bakarra" dela azpimarratu du hautagaiak: "Ezkerreko subiranismoak dagoeneko erakutsi du biderkatzen badakiela eta urratsez urrats zein ekimenekin sinesgarritasuna irabazi duela", gaineratu du. Aitzitik, haren hitzetan, "Gobernuaren sinesgarritasuna Zaldibarko zaborraren artean hondoratu da, ustelkeria epaietan urtu da eta bere txiringitoen artean kreditua galdu du”.

 

Bestalde, Maddalen Iriarte EH Bildur-ko lehendakarigaiak esan duenez, "azken hilabeteetan zerbait baieztatu badugu, ezker soberanista hauteskunde bakoitzean batu eta hazi egiten dela da". "Gero eta gehiago gara. Gero eta erabakigarriagoak gara. Eta gehiago izango gara. Eta euskal herritarrek dagoeneko badakite EH Bildu erabakigarria denean jendearen bizi-baldintzak hobetu egiten direla. Euskal herritarrek behin baino gehiagotan egiaztatu ahal izan dute hori azken hilabeteetan", gaineratu du Iriartek.

 

Horregatik, EH Bildu-rentzako, apirilaren 5erako erronka askoz gehiago izatea da, herri honen politika baldintzatzeko, herri honek marmota egunean instalatuta jarrai ez dezan. "EH Bildu indartsu bat baino ez da gai bizikleta estatikoaren hitzarmenaren berrargitalpena ez diren eszenatoki berriak irekitzeko. Izan ere, Urkulluren Gobernuak azken 4 urteetan PSErekin izan duen koalizioarekin zerbait egiaztatu ahal izan dugu: anbiziorik gabeko ententea dela eta ez dela gai herri honek aurre egin behar dien erronka handiei aurre egiteko", ziurtatu du.

 

Egoera horren aurrean, Iriartek esan du gero eta gehiago direla herri honek nazio mailan eta gizarte mailan aurrera egiteko bultzada eta agertoki berriak behar dituela uste duten euskal herritarrak. "Urkullu-PSE koalizioak ordezkatzen dituen aliantza errezeta zaharren aurrean, jokaleku berriak, akordio berriak eta aliantza berriak irekitzearen aldeko apustua egiten dugu, herri hau zentzu guztietan haztea eta aurrera egitea ahalbidetuko dutenak. Horrela, herri gisa gizarte gisa aurrean ditugun erronka handiei aurre egin ahal izango diegu", gaineratu du.

 

Amaitzeko, Martxoaren 8-ko bezperan, Iriartek esan du "harro" dagoela "egunero euren eskubideen alde eta etorkizuneko belaunaldien eskubidearen alde borrokatzen duten emakume horiekin guztiekin".