AKTUALITATEA


| 2019-05-08 11:43:00

Gasteizko Mendebaldean bigarren eraztun bat egitea planteatu du gaur EH Bilduk. Ingelesmendi izenekoak 1.000 hektarea izango ditu eta Jundiz inguruan Badaia-Arrato eta Gasteizko Mendiak lotuko dituen parke periurbanoa da. “Gasteizko mendebaldean zenbait erronka eta arazoak pilatzen dira eta soluzio orokor bat ematen saiatu gara proposamen honekin”, azaldu du Kike Fdez de Pinedok, Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak eta Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak.

 

Parke periurbanoaren nukleoan Iruña-Veleia erromatar aztarnategia, Santa Katalina lorategi botanikoa eta Eskibelgo dorrea daude. Hori dena, Jundizmendin eta Ingelesmendin, hau da, Gasteizko Bataila burutu zen eremuan. Horrez gain, parke periurbanoak beste 5000 hektareako eremua izango luke, GR 225 eta Zaia ibaiak mugatzen dutena. Bertan, planteatzen da bide berde bat egitea, Zadorra ibaiaren bazterrean Gasteiz eta Langraitz artean, ondo lotuz Gasteizko Eraztun berdearekin.

 

Babestutako bigarren eremu horretan Almoreta eta Baiaguengo dorreak daude, Mendoza eta Martiodako dorreak, Langraizko kartzela zaharra eta Astegieta. Langraizko kartzela zaharraren inguruan eraispena planteatzen da ingurua berreskuratzeko. Astegietan, aldiz, Eroski zaharra eraitsi ondoren, Zadorra ibaiko interpretazio zentroa egitea proposatu du EH Bilduk.

 

Proposamen honi esker, eremu horretan dauden hainbat arrisku geldiarazi daitezke. Horien artean aipatu behar dira Subilla Gasteizko gas-putzua, Zaia ibaiko dikea, Iruña Okako Subillabide industrialdearen handipena eta Iruña Okako harrobiaren handipen posiblea, eta aurre ikusten diren beste azpiegitura batzuk “hortaz, parke periurbanoak hainbat funtzio beteko lituzke ikuspegi ezberdinetatik, iraunkortasunaren lau hankak jorratuz, hau da, anbientala, soziala, ekonomikoa eta kulturala”, laburbildu du Kike Fdez de Pinedok.

 

Proposamen honekin helburu hauek lortuko lirateke: Badaia-Arrato mendilerroa eta Gasteizko Mendien artean garrantzia berezia duen korredore ekologikoa ziurtatuko litzateke; arnasa emango litzaieke inguruko 4 herriei; Billoda, Tresponde, Ariñez eta Margarita; ondare historiko-kulturala babestuko litzateke : Iruña-Veleia, Santa Katalina, Inglesmendiko muinoa, Ezkibelgo dorrea, Done Jakue bidea; KBE den Zadorra ibaia; eta baita inguruko nekazaritza lurrak eta paisaia .ere