AKTUALITATEA


| 2019-11-05 20:01:00

. Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko Arabako hautagaiak Gasteizko Artium museoan egindako ekitaldi nagusian parte hartu du. Han, Vox noraezean dabilela salatu du, "autonomia estatutuak bertan behera utzi eta telebista publikoak itxi ez ezik, orain alderdi subiranistak ere legez kanpo utzi nahi ditu". Arabako hautagaiak esan duenez, horrela izanez gero, aurrean izango dituztela defendatu du, “Espainiako Estatuan frankismoa besterik ez baita legez kanpo utzi behar, eta duela egun gutxi telebistan ikusi genituen irudi lotsagarriak saihestu behar ditugu".

Ruiz de Pinedoren esanetan, EH Bilduk ez dio inori huts egingo, "hitzezkoak gara, ezker fidagarria gara, batzen duen ezkerra gara eta eskuin hirukoitzari aurre egingo dion ezkerra gara". Arabako hautagaiak berretsi du EH Bilduk lan egingo duela bai murrizketen aurka  baita “lan, gizarte eta politika eskubideen alde” ere. Horrez gain,  Ruiz de Pinedok adierazi du EH Bildun "arduratsuak” direla eta “arduraz” jokatzen dutela.

Berarekin EH Bilduko koordinatzaile nagusia Arnaldo Otegi egon da. Bere esanetan, atzoko debatean agerian geratu zen Espainiako Estatuak hartutako inboluzio antidemokratikoaren aurrean, Euskal Herriko gizon emakumeek gauza bat izan behar dutela argi: “soberanisten arteko elkarlana da frankismoarekin amaitzeko gai den bakarra, gure ideia eta proposamena argia da: demokrazia, inboluzio antodemokratikoaren aurrean; askatasuna, errepresio politikoaren aurrean; duintasuna, murrizketa sozial eta ekonomikoen aurrean”.

Otegiren esanetan, “subiranistak gara balantzak alde batera edo bestera egin erabakitzen dugunak. Sanchezek ondo daki euskaldunak eta katalanak garela presidenteak jarri eta kentzen ditugunak. Eta jar ditzakegun bezala, ken ditzakegula”. Azken datuak eta inkestak ikusita, subiranistekin bakarrik egin daitekeela gobernua adierazi du koordinatzaile nagusiak “edo eskuinarekin, edo subiranistekin”.