Araba

Albisteak

Iñaki Ruiz de Pinedo: “Batzen duen ezkerra gara; are gehiago, Araba ezagutzen dugu eta, gauden lekuan gaudela, herri honen eta pertsonen eskubideak defendatuko ditugu beti”


Mikel Otero parlamentariak Espainiako eskuin hirukoitza geldiarazteko beharra goraipatu du, berriro ere, igande honetan, horien eserleku kopurua hutsean utzita.

| 2019-11-07 17:33:00

Euskal Herria Bilduren Arabako ekitaldi nagusia Amurrion izan da gaur. Bertan, Maddi Isasi eta Garazi Dorronsoro EH Bilduren Arabako hautagaiak kongresura eta senatura, hurrenez hurren, eta Mikel Otero legebiltzarkidea, Arabako hautagai nagusia den Iñaki Ruiz de Pinedorekin batera izan dira. Ruiz de Pinedok gogora ekarri du, EH Bildu dela "Euskal Herrian batzen duen ezkerra, Espainiako Estatuko gainerako indar subiranisten eskutik biderkatzen den ezkerra". Gainera, Arabako hautagaiak adierazi du aukerarik onena dela EH Bildu, “ez soilik Araba ezagutzen dugulako, gauden lekuan gaudela gure herria eta jendearen eskubideak beti defendatuko ditugulako baizik".

Ruiz de Pinedok gogoratu du Euskal Herri mailan, udalerri gehien gobernatzen dituen indarra dela EH Bildu. “Araban hamaika udaletan gobernatzen dugu, eta beste lautan koalizioan dauden gobernuetako kide gara" adierazi du eta gaineratu du ere "Madrildik datorren gure eskubideen aurkako eraso etengabearen aurrean ere” euskal herritarrak defendatuko dituztela.

Aiaraldeko ekitaldian Mikel Otero legebiltzarkideak faxismoari eta harekin gobernatzeko irrikan daudenei mezua helarazi die: "Azken hauteskunde orokorretan, hemen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatutako hirukote erreakzionarioa ez zuen hautagairik lortu. Eta gaur berriro esaten diogu: Casado!, Rivera!, Abascal! Ez zarete pasatu … eta, berriro ere, ez zarete pasako!".

Bestalde, Maddi Isasi Kongresurako EH Bilduren Arabako zerrendako bigarrenak berriz ere azpimarratu du euskal emakume feministak Madrilen defendatuko dituen ahots indartsu baten beharra: "EH Bilduk Araban lortzen ez duen botoa Espainiako eskuinera joango da, eta euskal emakumeok badakigu guretzat pentsatuta dutena, eta ez zaigu batere gustatzen". Eta ahots indartsu horrek "bidegabekerien aurrean justizia, inboluzioaren aurrean demokrazia, errepresio politikoaren aurrean askatasuna eta murrizketa sozial eta ekonomikoen aurrean duintasuna aldarrikatu" behar dituela gogorarazi du. Eta, hautagaiaren esanetan, Iñaki Ruiz de Pinedo izan behar da ahots indartsu hori.

Garazi Dorronsoro Arabako senaturako hautagaiak igande honetan bozkatzera joateko deia egin die herritarrei: "Igandean bozkatzera joan behar dugu, Madrilen eta beharrezkoa den leku guztietan justizia exijituko baitugu". Bidegabekerien zerrenda oso luzea dela salatu du, baina duela gutxi bizitako bati erreparatu nahi izan dio "agintari politikoak hautetsontzi batzuk jartzeagatik kartzelara eraman dituen bidegabekeria". "Botoa ematea ez da delitua, botoa ematea ez da sedizioa eta are gutxiago altxamendua. Bozkatzea demokrazia da, eta demokrazia herriari ahotsa ematea da, baina hori, haiei, ez zaie gustatzen " adierazi du Dorronsorok.