Araba

Albisteak

EH Bilduk Kike Fdez de Pinedo aurkeztuko du Arabako Ahaldun Nagusigai datorren inbestidura osoko bilkuran

Eva López de Arroyabe: “Arabako Batzar Nagusietan bestelako gehiengoak osatu daitezke eta norabide horretan lan egingo dugu lehen egunetik”

| 2019-06-27 11:05:00

EH Bilduk Kike Fdez de Pinedo aurkeztuko du Arabako Ahaldun Nagusigai datorren inbestidura osoko bilkuran. Gaur bertan aurkeztu du EH Bilduk hautagaitza Arabako Batzar Nagusietan. Eva Lopez de Arroyabek nabarmendu duen bezala, EH Bilduk lehen egunetik lan egingo du gobernu alternatiba bat osatzeko eta, ondorioz, datozen lau urteetarako lan ildo nagusiak zehaztuko ditu inbestidura saioan. “Erantzukizunez lanean jarraituko dugu Arabarako alternatiba bat eraikuntzaren ardura EH Bildurena delako. Hori izango da gure betekizuna lehen egunetik datozen lau urteotan”, zehaztu du EH Bilduko bozeramaile ordezkoak.

 

EH Bildu, hamabi batzarkideekin, Arabako Batzar Nagusietako bigarren indarra da eta foru ganbaran politika sozial progresisten alde edo erabakitzeko eskubidearen alde bestelako gehiengoak sortu daitezkeela nabarmendu du. “Indar progresistok Batzar Nagusietan 51 batzarkidetatik 26 dauzkagu, erabakitzeko eskubidearen aldeko batzarkideak 33 gara, autogobernu berriaren aldekoak 29... Foru Ganbera, beraz, bestelako gehiengo zabalak ere sortzeko gauza da”, zehaztu du Lopez de Arroyabek.

 

Ildo horretan, EH Bilduk nabarmendu du Araba anitza dela eta gehiengo absolutua duen gobernu batek erabaki guztiak inposatzen baditu ez die lurraldeko beharrei erantzungo. Datozen lau urteotan konpromiso argia dugu: arabarron bizi baldintzak hobetzeko, lurralde oreka bermatzeko, gure herriak eta gure ingurumena defendatzeko politika progresistak bultzatzea, hau da, Araba justuagoa, solidarioagoa eta progresistagoaren oinarriak ezartzea”, azaldu du EH Bilduko bozeramaileak.