AKTUALITATEA


| 2019-07-02 11:57:00

EH Bilduk Iruraiz Gaunako Udala gobernatzeko elkarlana eskaini dio EAJri. Arabako Lautadako udalerri horretan alkatetza EAJren esku gelditu zen boto bakar baten diferentziagatik. “Pasa den maiatzaren 26ko emaitzak kontuan hartuz gero, Udal Gobernuarekin modu eraikitzailean elkarlana sustatu behar dugula ulertzen dugu eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko gure herri programan jasotako hainbat proposamen bultzatu nahi ditugu”, azaldu du Iruraitz-Gaunako EH Bilduko bozeramailea den Iratxe del Barcok.

 

Dagoeneko, aste bat pasa da EH Bilduk EAJri helarazi diola idatziz proposamen bat uztailaren 15a baino lehen egin beharreko funtzionamendu osoko bilkurari begira, baina oraindik orain ez du inolako erantzunik jaso. Idazkian oinarrizko hiru proposamen jasotzen dira. Batetik, Udala eta Kontzejuen harremanetarako batzorde bat osatzea “harremana eta elkarlana” bultzatzeko udalerriak osatzen dituen hamaika toki erakundeekin. Moises Pérez de Arriluzea izango litzateke batzorde horretako arduraduna eta araudi berezia izango luke.

 

Bestalde, Euskara, Kultura, Kirola eta Berdintasunezko zinegotzi ordezkaria sortzea planteatu da eta Iratxe del Barcoren esku geldituko litzateke. Azkenik, EH Bilduk proposatu du Jon Koldo Sáez de Urabain Iruraitz-Gaunako ordezkaria izatea Landa Garapenerako Elkartean eta Elgeako Urkidetzan.