AKTUALITATEA


| 2020-03-26 10:41:00

EH Bilduk gaur egun dauden osasun baliabideen inguruko informazio “zehatza eta eguneratuta” ematea eskatu du gaur. Izan ere, azken egunotan etengabeko aldaketak egiten ari dira, batez ere, Gasteizko osasun mapan. Horren adibideak dira anbulategien berrantolaketa, Kanpoko Kontsulten Eraikinean egiten ari diren obrak bulegoetan gelak sortzeko, ospitale pribatuak sare publikoaren menpe uztearen aukera edota hotelak gaixoak hartzeko erabiltzea. Hori guztia ikusita, EH Bilduren ustez, “ezinbestekoa da herritarrei informazio puntuala ematea, eraikin bakoitzean kokatzen ari diren zerbitzuak eta mapari gehitzen ari zatzaion eraikin berriekin ere bai”. Horrela azpimarratu du Mikel Oterok.

 

“Egoerak hala behartuta, egun batetik bestera aldatzen ari da osasungintza zerbitzuen mapa herrialdean eta herritarrok informazio puntuala eta gardena behar dugu zerbitzuak non dauden kokatuta jakiteko. Egun batean aditzera ematen da ospitale pribatuak sare publikoaren menpe geldituko direla baina errealitateak agerian utzi du ez direla hara pazienteak desbideratu; hurrengo egunean ikusten dugu nola obrak azkartzen diren bulegoak zeuden lekuetan gelak sortzeko, baina une berdinean aipatzen da gaixoak hoteletara bidaltzen hasiko direla”, zehaztu du Oterok.

 

Egoera horren aurrean, EH Bilduk “ezinbestekoa” ikusten du ospitale pribatu guztiak sare publikora batzea eta funtzio zehatzak ematea. Izan ere, gaur egun Gasteizko bi ospitale pribatuek (Vithas San Jose eta Quiron) 89 ohe dituzte, hau da sistema publikoak dituen %10a. “Lehentasunez hasi beharko litzateke prestatuta dauden eraikinak eta oheak erabiltzen”, eskatu du EH Bilduko bozeramaileak.

 

Baina horrez gain, EH Bilduren ustez “premiaz” azkartu behar dira Txagorritxuko Zerbitzu Orokorretarako eraikin berriaren lanak, behintzat eraikin horrek aurreikusita dituen Zainketa Intentsiboetarako Unitatea erabilgarri egon dadin ahalik eta azkarren. EH Bilduk orain aste bete proposatu zuen obrak arintzeko urgentziazko plan baten beharra eta dakigula ez da inolako urratsik eman norabide horretan. Eraikin berria Zainketa Intentsiboetako Unitatea egoteko diseinatuta dago, eta bertan banakako 31 box aurreikusita daude, horietatik 6 isolamendukoak, hiru modulutan banatuta.