EH Bildu Araba eta EH Bildu Gasteizek agerraldi bateratua egin dute nagusien egoitzen inguruan dituzten kezkak adierazteko eta Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak eginiko utzikeria salatzeko .
Claudia Venceslao prokuradoreak gogorarazi duenez, Gizarte Politiketako foru diputatuak urriaren 11n egindako agerraldian Arabarren gunean 150 egoitza-plaza sortzea aipatu zuen. Bide berdinetik, Foru Gobernuak jakinarazi zuenez, 2022an egoitza hori amaituta egotea zen euren asmoa. "Beste legaldi bat gehiago hutsean pasatzeko arrisku larrian gaude.Hiru legealdi emango genituzke plaza publikoak ezarri gabe, eta horrek kezka handia sortzen digu, itxaron zerrendak handitzen ari baitira, Foru Aldundiak horri buruzko neurririk hartu gabe", dio Venceslaok.
EH Bilduk eta Foru Gobernuak 2016an eta 2017an egindako aurrekontu-akordioen ondorioz, Foru Aldundiak txosten bat egin zuen CIAM "San Prudentzio" egoitzako 1. eta 2. solairuak berritzeko, eta 50etik 70era bitarteko egoitza-plazak ezartzeko aukera eman zuen. Hala ere, egun, solairu horiek ez dute euren berezko erabilera burutzen bertan Udaleko langileen bulego sindikalak, garbiketako kanpoko langileen aldagelak eta Udalaren beraren mantentze zerbitzuko langileak kokatuta daudelako.
"Foru Gobernuari 2020an proiektu honi berriz ekiteko eta plaza publikoak sortzeko aukera zabaltzeko exijitzen diogu. Horregatik, EH Bilduk mozio bat erregistratu du, Arabako Foru Aldundiari eskatuz ikerketa horri berriz ekiteko eta adinekoen arretan dagoen gabezia arintzeko. “Lehentasuna da publikoa dena bultzatzea pribatuaren gainetik”.
Gasteizko Udalaren utzikeria, zuzeneko konplizea
EH Bildu Gasteizek, Gasteizko Udalak proposatutako HAPOaren aldaketaren aurrean, kontrako botoa emango du; izan ere, erabilera tertziarioa aldaketa jasotzen du, baina Udalak dioenez, "ez ditu erabilera bateragarriak aldatzen, bateragarritasun-baldintzak baizik". Hala ere, EH Bilduren ustez, orain arte Administrazio Publikoak bakarrik erabiltzen zituen lursailetan egoitza pribatuak ezartzeko maniobra baino ez da.
"Gainera, laguntza-zerbitzuak ekimen pribatuz emateko a ukera planteatzen digute, gero eta eskari handiagoari erantzuteko, administrazioaren ardura denean horrelako zerbitzuak sortzea. Komenientzia- eta egokitasun-irizpidea da ", salatu du EHBilduk.
Egoera horren aurrean, erantzunik gabe jarraitzen duten hainbat galdera egin ditu Viterok: "Komenigarritasuna eta aukera norentzat? Gure adinekoen bizi-kalitatea eta eskubideetarako sarbidea hobetzeko edo ekimen pribaturako? Adineko pertsonen zaintzan negozioa bilatu nahi duten enpresa handientzako?"
Ildo horretan, gogorarazi du adinekoei tratu txar fisikoak eta ekonomikoak emateko tresna bat dugula EAEn 2015etik. OMEk horrela definitzen ditu adinekoen aurkako tratu txarrak: Ekintza bakarra edo errepikatua, edo erantzun egokirik eza, adineko pertsona bati kalte larria eragiten diona eta konfiantza-itxaropena dagoen edozein harremanen barruan gertatzen dena. "Gure baliabide egokien kudeaketa eza tratu txarreko egoeratzat jo daiteke?", galdetu du berriro.
"EH Bilduk erantzukizun publikoa pribatizatzera eta herritarren ongizatearekin bat egiten duten era guztietako neurriak salatuko ditu", ondorioztatu du.