AKTUALITATEA


| 2019-04-25 08:48:00

EH Bilduk poza adierazi du Forondako aireportuak H24, hots, 24 orduz jarduteko ahalmena, berreskuratu duelako. Gogoratu beharra dago Mariano Raxoiren Gobernuak kendu zizkiola Mugako Ikuskatze Puntua (PIF gaztelaniaz) eta H24 ahalmena gure aireportuari 2012an, krisi ekonomikoaren ondorioz Espainiako Gobernuak hainbat aireportutan egin beharreko murrizpenen aitzakipean, Alderdi Popularraren benetako arrazoiak arrazoi elektoralista hutsak baziren ere: Zaragozako karga aireportua sustatzea Forondaren kaltetan.

                                                                                                                            

Ordudanik, arabar gizartearen eskaera argia izan da bai PIF, bai H24 berreskuratzea, eta lan horretan buru-belarri jardun dute EH Bilduko hautetsiek instituzio guztietan: Kike Fernandez de Pinedok eta bere taldeak Batzar Nagusietan, Miren Larrionek eta udal taldeak Gasteizko udaletxean eta lehenago Iker Urbinak eta gerora Marian Beitialarrangoitiak Diputatuen Kongresuan. Azkenean, inoiz gertatu behar ez zen bidegabekeria hori, urteotan Forondako aireportuaren karga zein bidaiari garraioaren garapena guztiz baldintzatu eta oztopatu egin duena, amaitu da.

 

“Pozik gaude H24 berreskuratuta gure aireportuaren jarduera guztiz garatzeko aukerak biderkatu egiten direlako” adierazi du Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko Diputatu Nagusigaiak. “Baina ezin da berriro gertatu Madrilen gobernatzen duenaren apeta politikoengatik edota kalkulu elektoral ziztrinengatik Arabarako zein Euskal Herri osorako estrategikoa den azpiegitura baten garapena horren modu larrian kaltetzea”, jarraitu du bozeramaile soberanistak. “Beraz, horren aurrean konponbide bakarra da behingoz euskal aireportuak kudeatzeko eskumena euskal instituzioen esku egotea, “aireportu bat, hainbat terminal” printzipioaren arabera euskal aireportuen sarea hemendik bertatik kudeatzeko. Eta arlo honi dagokionez hori izango da datorren legealdian EH Bilduko hautetsi guztion lehentasuna bai Arabako instituzioetan, bai Madrilgo Kongresuan: euskal aireportuak kudeatzeko eskumena ahalik eta azkarren lortzea. Afera honetan ere erabakigarriak izango gara.” amaitu du Fernandez de Pinedok.