AKTUALITATEA


| 2020-03-06 09:53:00

EH Bildu-k adinekoen zaintzaren sektoreko arreta eta lan baldintzak homogeneizatuko dituen hitzarmen dekretu bat onartzea proposatu du hedabideen aurrean ostiral goizean.

Arabako egoitzetan dauden plaza pribatuen %87k, modu batera edo bestera, ia kontrolik gabeko finantzaketa publikoa jasotzen dutela salatu du Luis Maria Salgadok. Horren harira, Salgadok deitoratu du joan den asteazkeneko osoko bilkuran Gizarte Politiketako Foru Diputatua den Emilio Solak bi gai argi baino ez zituela utzi horren inguruan: lehena, EAJ-PSE gobernuaren interes nagusia enpresak pozik egotea dela eta, bigarrena, Arabako egoitza publikoen ratioak pribilegio bat direla.

"EH Bildu-k 9 urte daramatza Arabako hitzarmen-ereduak lehen, bigarren eta hirugarren mailako arabarrak sortzen dituela salatzen. Gure ustez, egoitza-plaza bat eskuratzeko baldintzak betetzen dituen pertsona orok eskubide berberak ditu: hau da, AFAk egoitza publiko edo kontzentratu batera bideratzea", adierazi du.

Adibide praktiko batekin azaldu du batzarkideak egungo egoera. Imajina dezagun 100 plaza dituen egoitza publiko bat, eta pertsona horiei arreta emateko 15 langile daudela: ratio horiek, paperaren gainean, itunpekoentzako berberak dira. Aldiz, egoitza pribatu batek, araudiaren arabera, 100 pertsona artatuko lituzke 10 langilerekin. Baina Araban egoitzak ez direnez ituntzen direnak, plazak baizik, eta, gainera, itundu beharreko gehieneko plazen kopurua %50era mugatzen denez, 100 plazako egoitza horrek 7,5 plaza izan beharko lituzke itundutako 50 plazetarako, eta beste 5 beste 50 plazetarako. Hau da, egoitza publiko batera joateko zortea izan zuen pertsonak 15 langile izango ditu; itunpeko egoitza batera bideratuta izateko zoritxarra izan duenak, 12,5. Esan beharra dago, aurreko baldintza berberak bete arren, Aldundiak egoitza pribatu baterako txeke baten bidez bidaltzen duen persona batek soilik 10 langilerekin egingo duela topo.

Posiblea den dekretu bat

Diskriminazio horrekin amaitzeko, itunpekoa arautzeko dekretu bat onartzea proposatu du Salgadok, egoitza batek bete behar dituen baldintzak ezarriko dituena, bere osotasunean, Aldundiarekin ituntzeko aukera izan ahal izateko. Gipuzkoak jada erakutsi zuen dekretu hori onar daitekeela.

"Dekretu horrek, diskriminazioarekin amaitzeaz gain, erraztu egingo luke Aldundiaren esku-hartzea, oso prekarizatua eta feminizatua den sektore baten lan-baldintzak hobetzearekin batera. Gainera, dekretuari esker, egoitza osoa bada lehiaketa batera aurkezten dena, Aldundiak arreta, segurtasun edo lan orduen gutxieneko baldintza batzuk eskatzeko ahalmena izango luke, Gipuzkoan arautzen den moduan", nabarmendu du.